Gizartea -
Gasteiz
Karguekin aske utzi dituzte Errekaleor auzoan atxilotako hiru pertsonak
"Istripu elektrikoa jazotzeko arriskua" dagoela argudiatuta, auzo okupatuan argindarra kendu du Iberdrolak.
EITB.EUS
Gasteizko Errekaleor auzo okupatuan atxilotutako hiru pertsonak aske utzi dituzte, baina karguak egotzita, ETBk jakinarazi duenez.
Ertzaintzaren hainbat patruila auzoan azaldu dira goizean Iberdrolako langileekin batera, "arautu gabeko elektrizitate harguneak" kentzeko.
Iberdrolako iturriek jakitera eman dutenez, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailetik aipatu harguneak desgaitzeko agindua jaso dute "istripu elektrikoren bat gertatzeko dagoen arriskuagatik"; izan ere, dagoen instalazioak ez du segurtasun-neurriak betetzen dituela egiaztatzen duen ziurtagiririk.
"Istripuak ekiditeko joan gara, legez kanpo baitaude sarera lotuta eta ez dute instalazio elektrikoaren ziurtagiririk, ez dituzte betetzen baldintza teknikoak, ezta segurtasunezkoa ere. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailetik bi errekerimendu daude argi indarra eteteko, pertsonentzat eta higiezinentzat arriskutsuak izan daitezkeen egoerak saihesteko asmoz", nabarmendu dute Iberdrolatik.
Iberdrolako teknikari bat Errekaleorreko elektrizitate harguneak kentzen. Argazkia: EFE
Hiru atxilotu
Autogestionatutako proiektua "arriskuan" egon zitekeela iritzita, 100 bat gazte auzoko eraikin baten aurrean jesarri dira, teknikariak sar ez zitezen. Bildutakoak ateratzen hasi da Ertzaintza, eta hiru pertsona atxilotu ditu, agenteei eraso egitea eta erresistentzia agertzea egotzita, Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dionez.
Errekaleor Bizirik taldeko bozeramaile baten esanetan, Iberdrolako langileak "argindar hornidura etetera" joan direla susmatuta, hori saihesteko asmoz, "erresistentzia baketsurako deia" egin dute. Gazte talde bat eraikinaren aurrean eseri da, eta batzuk kateatu egin dira.
Segurtasun Saileko iturrien arabera, hiru gazte atxilotu dituzte agenteei eraso egitea eta erresistentzia agertzea leporatuta. Horrez gain, beste bi ikerketapean jarri, eta hainbat identifikatu dituzte.
Hainbat gazte protestan, Errekaleorren. Argazkia: EFE
Ertzaintzak auzorako sarbidea itxi du, eta, zenbait kazetarik salatu dutenez, ez diete bertatik bertara informatzen utzi. Eguerdiko 14:30ean Ertzaintza oraindik bertan zegoen, Iberdrolako teknikariek euren lana noiz bukatuko zain.
2016ko martxotik, Udalarenak dira Errekaleorreko eraikinak, eta horiek husteko auzibidea abiatuta du Gorka Urtaranek zuzentzen duen erakundeak. 2013ko irailetik auzoko 24 atari okupatuta daude, eta 130 pertsona bizi dira bertan.
Manifestazioa
Errekaleor Bizirik mugimenduak deituta, ehunka pertsonak manifestazioa egin dute arratsaldean, gertatutakoaren aurka protesta egiteko.