Gizartea -
LGTBI
Euskal gazteek genero aniztasuna errespetatzen dute, baina fobiak hor daude
Orokorrean, nerabeek ez dituzte jarrera fobiko arrazionalak erakusten, baina kasu batzuetan deseroso senti daitezke eta atsekabea erakuts dezakete, Eusko Jaurlaritzak egindako ikerketa baten arabera
EITB.EUS
Euskadiko nerabe gehienek LGTBI kolektiboen aurrean errespetua erakusten dute, Eusko Jaurlaritzak egindako txosten baten emaitzen arabera. Gauzak horrela, sexu-anistasuna, familia-aniztasuna edota genero-aniztasuna onartzen dute, eta, jendaurrean ez dituzte haien kontrako adierazpenik egiten. Alabaina, hautematen zailagoak diren beste fobia zorrotzago batzuek oraindik irauten dute.
Ikerketan parte hartu duten nerabe batzuek jarrera fobiko arrazionalak erakusten ez dituzten arren, deseroso senti daitezke lesbianen eta gayen aurrean, edota sexu bereko pertsonen arteko maitasun-adierazpenen aurrean atsekabea erakuts dezakete.
Eusko Jaurlaritzak asteazken honetan, maiatzak 17, aurkeztu ditu ‘Lesbofobia, Homofobia eta Transfobia hezkuntza-sisteman’ lanaren emaitzak, nazioartean LGTBI kolektiboen eskubideak aldarrikatzen diren egun berean.
Lucia Torrealday Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak nabarmendu duenez, eskola leku ezin egokiagoa da aurretik aipatutako gai horiei heltzeko. Hezkuntza-komunitateak LGTBIfobiaren kontra egiten duen lana nabarmendu du, baina ikastetxeen lana soilik ez dela nahikoa esan du. “Herritarren inplikazioa ezinbestekoa da, komunikabideena, eta nola ez, familiena ere bai”, gaineratu du Torrealdayk.
Azken urteotan hobera egin du egoerak, batik bat pertsona guztien eskubideak bultzatzea helburu duten legeetan egindako aldaketei esker. Dena dela, oraindik badira jarrera eta jokabide LGTBIfobikoak laguntzen dituzten eta sozialki errotuta dauden estereotipoak, aurreiritziak edota ideiak.
Orokorrean, neskerk jarrera positiboagoa erakusten dute, eta kolektiboak diskriminatzen edo epaitzen dituzten hitzezko jarrerak mutilek baino gutxiago erabiltzen dituzte. Bestalde, mutilek diote benetan zaila izango zitzaiela beren lagun mutilei gay direla esatea, lagun horiek baztertu edo barregarri utziko lituzketela uste dutelako.
Pertsona transexualen inguruan, azterketaren arabera, pertsona horien izaerak nahasketa eragiten du. Horregatik, transexualen inguruko ideiak kontraesankorragoak dira: bitxiak eta, aldi berean, ausartak direla pentsatzen da. Azkenik, intersexualitatea ia ez da ezagutzen. Ondorioz, ez dago aldez aurretik pentsatutako iritzirik.
Homosexualitatea eta lesbianismoa moda bat edo itxurakeria dela; gay edo lesbianen bikoteetan, batek gizonaren papera eta besteak emakumearena egiten duela; itxurarengatik eta keinuengatik pertsona bat gay edo lesbiana den jakin daitekeela; eta antzeko iritziak nerabe batzuen buruetan jarraitzen dute, azterketaren ondorioen arabera. Bestalde, bisexualitatea moda batekin eta itxurakeriako jarrera batekin lotzen dute zenbaitek.