Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Indarkeria matxistaren umezurtz guztientzako pentsioa, gertuago

Kongresuak babesa eman dio PSOEk aurkeztutako ekimenari. 2013tik 169 haur geratu dira umezurtz, eta gutxienez 677 euroko pentsioa jasotzea nahi dute.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Diputatuen Kongresuak indarkeria matxistak hildako emakume guztien seme-alabek pentsioa jasotzeko lehenengo pausoa eman du. Gizarte Segurantzan kotizatu ez duten amen seme-alabek ere eskubide hori izatea da helburua, orain ez baitute halakorik.

Kongresuak aho batez onartu du PSOEren lege proposamen bat, helburu horrekin. Gainera, ekimenak gaur egun pentsioa jasotzen dutenentzat diru gehiago bideratzea ere aurreikusten du, amen kotizazio oinarria % 52tik % 70era igota.

Hori horrela, indarkeria matxistak hildako emakumeen haurrek (2013tik 169) gutxienez 677 euro jasoko dituzte, eta biktimak haur bat baino gehiago izanez gero, erregulazio oinarriaren % 118 ezarriko da, adingabeen artean banatzeko.

Angeles Alvarez diputatu sozialistak ekimena aurkeztu duenean azpimarratu du, aurrerapausoak aurrerapauso, astero umezurtz berri bat dagoela "terrore matxista" dela eta, baina erdia baino gehiago babesik gabe daudela.

Izan ere, hildako emakumeen bostetik batek 30 urte baino gutxiago zituen, beraz, zaila zen azken bost urteetan gutxienez 500 egunez kotizatu izana, hau da, pentsiorako baldintzak betetzea. Gainera, askok lana utzi behar izan zuten "hiltzaileen kontrol estrategia medio".

 

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Gizartea Gaurko azken ordukoa Pentsioak