Gizartea -
Gipuzkoa
14.000 marihuana landare atzeman dituzte Elgoibarko pabiloi batean
Bertan zeuden bost pertsonak atxilotu ditu Ertzaintzak.
EITB.EUS
Marihuana plantazio bat topatu zuen atzo Ertzaintzak Elgoibarko industrialdeko pabiloi batean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez. Eibarko Ertzain-etxeko agenteek 14.000 landare atzeman, eta pabiloian zeuden bost lagunak atxilotu zituzten.
Iturrion arabera, 18:30 aldera aurkitu zuten agenteek plantazioa. Errondan zeuden ertzain batzuk marihuana usaina zerion pabiloi batera hurbildu ziren. Atarian poltsa ugari topatu zituzten, eta horietako batzuetan marihuana zegoen. Pabiloia miatzeari ekin zioten berehala, eta plantazioa atzeman zuten.
Marihuana landareak hainbat gelatan zeuden, eta hazteko argiztapen eta ureztatze sistema berezia zuten. Agenteek bertan zeuden bost pertsonak atxilotu zituzten, marihuana haztea egotzita.
Atxilo hartutakoek 39 eta 46 urte artean dituzte, eta datozen orduotan eramango dituzte epailearen aurrera.