Gizartea -
Auzitegi Nazionala
540 euroko isuna, Bilbon erregeari 'alper' eta 'hiltzaile' esatearren
Fiskaltzak urtebeteko kartzela-zigorra eskatzen zuen, baina adostasun akordio batera iritsi dira, eta isunera mugatuko da zigorra.
agentziak | erredakzioa
Gizon bati 540 euroko isuna jarri diote Felipe VI.a erregeari "hiltzaile" eta "alper" esateagatik Koroaren kontrako irainen delitua leporatuta. 2015ean Bilbon izandako ekitaldi batean parte hartzen ari zela jaso zituen irainak erregeak.
Fiskaltzak urtebeteko kartzela-zigorra eskatzen zuen, baina adostasun akordio batera iritsi dira, eta isunera mugatuko da zigorra.
"Alper hori, jarri lanean 600 euroren truke, ez zaitugu aukeratu, hiltzailea, Francok aukeratua zara", izan zen, hain zuzen, akusatuak erregeari esan ziona, Fiskaltzaren idatzian agertzen denez.
2015eko urriaren 26an izan zen gertakaria, Euskalduna Jauregiaren inguruan, erregeak Kongresu batean parte hartu ondoren. Gizona hamar metro ingurura gerturatu omen zitzaion erregeari iraintzeko.