Gizartea -
Euskal sukaldaritza
CNN telebista katea, per capita Michelin izar gehien duen herrian: Euskadin
Anthony Bourdain sukaldari estatubatuarraren saioak atala eskaini dio euskal gastronomiari, eta besteak beste, Bilbon eta Donostian izan da.
EIDER GARAIKOETXEA | EITB.EUS
Anthony Bourdain AEBko sukaldari eta telebista aurkezle ezagunaren hitzetan, euskal sukaldaritza ezagutzeko Euskal Herrira bisita antolatzearen ideia egoista da oso. "Europako jatetxe onenak, alde handiarekin gainera, bertan daude. Jatetxe txarrak ere, onak dira", dio. Arrazoiak gorabehera, CNN telebista katean duen sukaldaritza saioa, "Parts Unknown", Donostian, Bilbon eta beste herri batzuetan izan da, gutiziak dastatu eta sukaldaritzaren sekretuak ezagutzeko:
Saioa igandean, maiatzaren 7an, eskaini zuen CNNk. Ikusi zuenak badaki orain zertan diren gure sukaldaritzaren oinarriak, zeintzuk diren jaki preziatuenak eta zeintzuk ohitura nagusiak. Bourdainen esanetan, "kalitatearekin eta bikaintasunarekin obsesioa" du euskal kulturak.
Bidaia hasteko, pintxoak dastatu ditu AEBko sukaldariak, eta konpainia ederrean egin du gainera, Elena eta Juan Mari Arzak baititu gidari:
Bere bizitzako azken otordua non hartuko lukeen argi du Bourdainek: Bittor Arguinzonizen Etxebarri erretegian. Hala, 'txingarren maisuak' parrilan prestatutako almejak eta datilak dastatu ditu.
Jakiok edari egokiarekin jan behar direla uste du AEBko sukaldari ezagunak, eta bi sagardotegitara jo du horien bila: Zapiain (Astigarraga) eta Rufino (Hernani).
Getariko Elkano jatetxetik igaro ondoren, Bilbora doa Bourdain. Bizkaiko hiriburuan egun "perfektua" igarotzeko errezeta eman digu. Bisita 11:00etan abiatu da Bilbo Zaharretik. Bermuta, 12:00etan Ander Etxean, eta segidan Artxandara, funikularrean. Bazkari legea Txakoli Simonen egin du estatubatuarrak, eta mokadutxoa eta koktela hartu, berriz, Penguin tabernan. Aitor Elizegiren Baskooken afaldu du sukaldariak:
Bideo hauekin batera, Hego zein Ipar Euskal Herriko paraje ederren argazki sorta ikus daiteke saioaren webgunean.