Gizartea -
Indarkeria Matxista
Rakel Lopezen eta semearen hilketak gaitzesteko bilkura egin dute Eibarren
“Matxismoak hiltzen jarraitzen gaitu” lelopean, ehunka pertsona bildu dira arratsaldean Untzaga plazan, eta hamabost minutu isilik igaro dituzte bien hilketak gaitzesteko.
Agentziak | Erredakzioa
Ostegun arratsalde honetan ehunka pertsona bildu dira Eibarko (Gipuzkoa) Udaletxearen aurrean, Rakel Lopez eta 12 urteko semearen hilketak salatzeko deitutako elkarretaratzean. Asteartean, emakumearen bikotekideak Alcobendasen (Madril) hil zituen biak.
44 urteko emakumearen eta horren semearen hilketak salatzeko hamabost minutu isilik igaro dituzte Udaletxearen aurrean, Untzaga plazan. Nalua Eibarko plataforma feministak sinatutako pankartaren atzean egin dute bilkura. Bertan, "matxismoak hiltzen jarraitzen gaitu" leloa irakur zitekeen.
Elkarretaratzean parte hartu duten hainbat pertsona lurrean etzan dira, indarkeria matxistaren biktimak izango balira bezala, gizonek emakumeei egindako hilketa guztiak salatzeko.
Elkarretaratzea amaitu orduko, Rakel Lopezen senide batek Eibarko eta Alcobendaseko (Madril) Udalen babesa eta elkartasuna eskertu du. Hildako emakumea Eibarkoa zen, baina, egun, Alcobendasen zuen bizitokia.
Era berean, emakumeek gaur egun bizi duten desberdintasun egoera salatu du, eta horren atzean Rakel Lopez bezalako emakumeen hilketak daudela gaineratu du. Halaber, elkarretaratzean bildu diren pertsona guztiei jasotako babesa eta elkartasuna eskertu die.
Besteak beste, Eibarko Udaleko ordezkariak, Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, Izaskun Landaida Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendaria eta Miren Elgarresta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuna izan dira bertan.
Asteazkenean, hilketa bikoitzaren aurkako elkarretaratzea deitu zuen Eibarko Udalak, eta bi dolu-egun deitu zituen. Emakumearen eta umearen hiltzaileak ihes egin zuen, eta Polizia haren bila dabil. Rakel Lopezen bikotekideak "aurrekari penal larriak" ditu.
Biktimen aldeko hileta-elizkizuna ostiral honetan izango da, Eibarko San Andres parrokian.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.