Gizartea -

Abuztuaren 2an abiatu ziren

Galdakaoko mendizaleek 15 eguneko ibilaldia egin nahi zuten Himalaian

Espedizioa hil honetako 17an bueltatzeko asmoa zuen Himalaiako mendikatean trekking ibilaldia egin ondoren. Bidaian inolako arazorik ez izateko, gutxienezko maila fisikoa izatea eskatu zieten.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Galdakaoko Ganguren Mendi Taldeko mendizaleak abuztuaren 2an atera ziren Katxemira aldera. Bertan 15 eguneko egonaldia egiteko asmoa zuten, Himalaiako mendikatean trekkinga praktikatuz.

Taldeko webgunean agertzen den informazioaren arabera, bizkaitarrak iragan astelehenean atera ziren Madril aldera. Handik Delhirako hegaldia hartu zuten eta, azkenean, Leh hirira iritsi ziren, 3.500 metroko altueran. Hain zuzen, Leh izan da azken egunetako euriteek gogor jo duten hirietako bat.

Otsailean, bidaiari ekin baino lehen, mendizaleek hainbat hitzaldi izan zituzten. Horietako batean, Euskal Mendi Federazioko mediku baten gomendioak jaso zituzten, batez ere, altuera handietan trekking egiteko hartu beharreko arduren inguruan.

Ganduren taldeak gutxienezko maila fisikoa eskatu zien bidaia egiteko derrigorrezko betebehar gisa. Maila fisiko hori erakusteko bi irteera egin zituzten. "Kluba zorrotza izan behar da horrelako kasuetan, etxetik oso urrutira goaz eta edozein ezbehar arriskutsua izan daiteke", dio antolatzaileak Gangurenen web orrian.

Ganguren Mendi Taldea Galdakaon sortu zen 1945 urtean. Hasieran "Club Alpino Ganguren" izenaz ezagutzen zen, baina gaur egun "Ganguren Mendi Taldea" da haien izen ofiziala. Mendi zaletasuna bultzatzea da bere helburu nagusia, horretarako Euskadi eta inguruko lekuetara mendi irteerak antolatzen dituzte, gazteei zuzendutako heziketa txangoak egiteaz gain.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea