Gizartea -
Greba mehatxuak aurrera darrai
Akordioa lortu nahi ez izatea leporatzen diote kontrolatzaileek AENAri
Kontrolatzaileen sindikatuak asteburuan bilerarik ez egitea leporatzen dio AENAri. AENAK berak eta gobernuko ordezkariek arbitraje independentearen alde egindako adierazpenak ere kritikatu dituzte.
Erredakzioa
Daniel Zamit USCA Aire kontrolatzaileen sindikatuaren bozeramaleak kritika gogorrak egin ditu AENAko ordezkarien kontra. Zamiten esanetan, AENAk asteburuan negoziaketekin jarraitzeari uko egitea, akordio batera iristeko dituzten gogo eskasen adierazlea baino ez da.
USCAk negoziaketa mahaian jarraitzeko duen borondatea azpimarratu du Zamitek, eta AENAk astelehenean edo asteartean bilera batera deitzea espero duela gaineratu du.
Horrela gertatuko ez balitz, USCAko zuzendaritza batzordeak asteazkenean bildu eta negoziaketen blokeoaren aurrean hartu beharreko jarrera erabakiko lukeela esan du Zamitek.
Ondorioz, larunbat honetan ez da bilerarik egingo, nahiz eta bart sindikatuak hurrengo bilera "lehen bait lehen" egingo zela esan.
Zamiten ustez, AENAk ez du asteburuan negoziaketekin jarraitu nahi izan "bidaiatzeko txartelak dituztelako".
Jose Blanco ministroa ere kritikatu du, honek kontrolatzaileak arduragabe batzuk direla esan duelako negoziaketek aurrera ez jarraitzearen errua AENAk duenean.
Bere ustez, hau "probokazio" hutsa da, eta honek greba deialdia eragin dezake "kontrolatzaileak errudun bezala agertuz".
Arbitraje independientea
Era berean, ostiraleko negoziazioetan bi aldeak akordio batetik oso gertu izan zirela adierazi du Zamitek. Hala ere harrituta agertu da Juan Lerma AENAko presidenteak eta Concepcion Gutierrez Garraioetarako Estatuko idazkariak arbitraje independentearen alde egindako deiaren aurrean.
AENA eta aire kontrolatzaileen arteko negoziazioak ostiral gauean hautsi ziren kontrolatzaileek abuztuan greba egiteko mehatxua erretiratzeari uko egin ondoren.