Gizartea -
Nafarroa
Sendaviva salatu dute, bertara edaririk eta janaririk sartzen ez uzteagatik
FACUAren esanetan, 'abusuzko praktika bat da; izan ere, jolas-parke bat da, eta bertako jarduera nagusia ez da ostalaritzarena'.
Agentziak | Erredakzioa
Kontsumitzaileen defentsan aritzen den FACUA elkarteak salaketa bat aurkeztu du Nafarroako Arguedas udalerrian dagoen Sendaviva parkearen aurka, bertan ez dutelako kanpoko janaririk eta edaririk sartzen uzten.
Elkartearen aburuz, "abusuzko praktika bat da; izan ere, jolas-parke bat da, eta bertako jarduera nagusia ez da ostalaritzarena".
FACUAren esanetan, "parkeak, bere instalazioen barruan janariak eta edariak kontsumitzea ahalbidetzen badu, abusuzkoa da kanpotik eramandako jan-edanak debekatzea, bertako jarduera nagusia ez baita ostalaritzarena, naturan jolaserako eta dibertimenduzko jarduerak gauzatzea baizik". Kontsumitzaileen elkartearen ustez, "debeku hori ez da beharrezkoa parkean komertzializatzen den jarduera modu egokian egin dadin".
Debeku horren aurrean, erreklamazioa jartzeko eta elkarteari jakinarazteko aholkua eman die FACUAk Sendavivako edota beste parkeetako erabiltzaileei.
FACUA berak adierazi duenez, "duela hamarkada bat hasi zen kanpoko janaririk eta edaririk sartzen uzten ez dituzten zinema-aretoen eta jolas-parkeen aurkako salaketak jartzen".
Hala, 2015ean Cadizen dagoen Aqualand parkeak indarrean zuen debeku hori bertan behera geratzea lortu zuen. Halaber, 2013an beste jolas-parke hauek salatu zituen: Isla Magica (Sevilla), Warner parkea (San Martin de la Vega, Madril), Port Aventura (Salou, Tarragona), Terra Mitica (Benidorm, Alacant), Siam Park (Costa Adeje, Santa Cruz Tenerifekoa) eta Dinopolis (Teruel).