Gizartea -

Indarkeria matxista

Kartzelan sartu dute Tolosako bortxaketaren harira atxilotutako gaztea

Auzia daraman instrukzio epaileak 20 urteko mutila aske uztea erabaki zuen, karguak egotzita. Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak, baina, akusatua kartzelara bidaltzea agindu du, ihes egin dezakeelakoan.

Bortxaketa salatzeko kontzentrazioa Tolosan. Artxiboko argazkia: EFE
Bortxaketa salatzeko kontzentrazioa Tolosan. Artxiboko argazkia: EFE

EUSKADI IRRATIA | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak kartzelara bidali du 2017ko otsailean, Tolosan, Kalderero egunean, adingabe bat bortxatzea leporatuta atxilotutako gizonezkoa. Martuteneko kartzelan sartu dute jada.

Instrukzio epaileak atxilotua karguekin aske uztea erabaki zuen, baina Probintzia Auzitegiak atzera bota du erabaki hori, eta akusatua kartzelara bidaltzea agindu du, ihes egin dezakeelakoan.

Kalderero egunean gertatu zen erasoa Tolosan, eta gertatutakoa biharamunean salatu zuen biktimak, 16 urteko neskatoak, Ertzaintzaren aurrean.

Ustezko erasotzailea atxilotu eta epailearen aurretik igaro ondoren, epaileak aske utzi zuen, karguak egotzita, eta bi astean behin epaitegira joateko eta biktimarengandik urruntzeko agindua ezarrita.

Probintzia Auzitegiak kartzelan sartzea agindu du, Euskal Herrian lotura berezirik ez duenez bere sorterrira, Hondurasera, ihes egiteko arriskua dagoela iritzita. Lau eta hamar urte arteko kartzela zigorra ezar diezaiokete.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Tolosa Gizartea bideoak Eguneko albisteak