Gizartea -
ZIENTZIA
Honelakoa da gaur Lurretik gertu igaroko den asteroide erraldoia
Lurrarentzat mehatxua izan ez arren, 'arriskutsua' izan daiteke, adituen esanetan. 650 metroko diametroa duen asteroidea 2500. urtean igaroko da berriro Lurretik gertu.
Agentziak | Erredakzioa
NASAk gaur Lurretik gertu igaroko den asteroide erraldoiaren irudiak hartu ditu. 650 metroko diametroa du eta arriskutsua izan daiteke, zientzialarien arabera. Lurraren eta Ilargiaren artean dagoen distantzia (384.403 kilometro) baino 4,6 aldiz urrunago igaroko da; 1,8 milioi kilometrora, alegia. Azken 13 urteotan Lurrera gehien hurbildu den neurri horretako asteroidea da.
Mount Lemmon Surveyk aurkitu zuen 2014 JO25 asteroidea, 2014ko maiatzean. Astronomoen aurreikuspenen arabera, 2017an Lurretik gertu igaroko den asteroiderik handienetakoa izango da.
NASAren NEOWISE misioari esker izan zuten astronomoek asteroide horren diametroa zehazteko aukera.
4179 Toutatis asteroidea izan da azken urteotan Lurretik gertuen igaro den asteroidea. Ilargiaren eta Lurraren arteko distantzia baino 4 aldiz urrunago igaro zen, 2004. urtean.
2014 JO25 asteroidea azken 400 urteotan inoizkorik gehien hurbilduko da gaur, eta 2500. urtera arte ez da berriro Lurrera hurbilduko.