Gizartea -

Negoziazioei ekingo diete

Aire-kontrolatzaileek ez dute abuztuan grebarik egingo

USCA sindikatuak aho batez erabaki du grebarako eskubidea ez erabiltzea, "erantzukizunez jokatzeko". AENAk iragarri duenez, bihar bertan ekingo die negoziazioei aire-kontrolatzaileekin.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

USCA aire kontrolatzaileen sindikatuko Batzorde Exekutiboak abuztuko greba "aho batez" bertan behera uztea erabaki du hiru orduko bilera bat egin ostean. Erantzukizunagatik bertan behera utzi dutela esan du Cesar Cabo USCA sindikatuko Komunikazio idazkariak.

Hedabideei egindako adierazpenen arabera, Cabok esan du abuztuan ez dutela grebarako eskubidea erabiliko, beraien erantzukizuna adierazteko; "Gobernuak AENAri negoziazioak abiatzen bultzatuko" duela uste baitute.

Caboren hitzetan, erabakia "behin betikoa" da. Ildo horretan, positibotzat jo ditu Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak Mallorcan esandakoak: "Erantzukizunez jarduteko" eskatu die aire-kontrolatzaileei. USCA sindikatuak negoziazioei ekin nahi die berriro.

Ildo horretan, Juan Lema AENAko presidenteak positibotzat jo du USCAren erabakia eta bihar bertan negoziazioei ekin egingo dietela iragarri du.

Negoziazioen zain

Hasiera batean Batzorde Exekutiboaren bilera datorren ostegunerako deituta zegoen, baina bi egun lehenago egin dute turismo sektorearen eta aire-konpainien zalantzei aurre egiteko.

Joan den astean egindako bileran, aire-kontrolatzaileen % 98,25ek greba deitzea erabaki zuten.

Bileran dorreko, kontroleko eta zerbitzu zentraletako langileak ordezkatzen zituzten bederatzi lagun bildu dira greba egiten zuten ala ez erabakitzeko.

"Ez dugu inor kaltetu nahi; izan ere, behin-betiko egoera konpontzea eta lan-hitzarmen duina sinatzea nahi dugu", gaineratu du USCAko bozeramaileak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea