Gizartea -
Gaitzespen agerraldia
Erasoen igoera salatu dute Euskadiko senegaldarrek
Jarrera xenofoboek gora egin dutela adierazi dute pasadan astean Lantaronen lau langile senegaldarrek jasandako erasoaren kontrako agerraldian.
Erredakzioa
Ehun pertsona inguru bildu dira Gasteizen lau senegaldarrek Lantaronen izandako erasoa gaitzesteko. Bide batez, Senegaletik Euskadira etorri diren langileen kontrako erasoek gora egin dutela ere salatu dute.
Gazteizko Bizilagunen Elkarteak (FAVA) eta M''Boolo Arabako senegaldarren taldeak antolatu dute agerraldia.
Lantaronen izandako erasoaren ondorioz sei gazte egotzi dituzte. Horietatik bat, 21 urtekoa, lau senegaldarrek lan egiten zuten enpresatik bota dute erasotuekiko erakutsitako jarrera mespretxagarriaren ondorioz.
Agerraldian bildu direnen artean gehienak senegaldarrak ziren. Bertan izan dira, baita, CC.OO, ELA eta ESK sindikatuetako ordezkariak eta Covadonga Solaguren, Arabako Aldundiko gizarte politika arduraduna.
"Jendea erasokorrago dago"
Agerraldira hurbildu direnei eskerrak emateaz gain, Ousmane M''Booloko presidenteak, Euskadin bizi diren afrikarren "kezka" azaldu du: "Azkenaldian gauzak gertatzen ari dira eta jendea erasokor ikusten dugu".
Ousmanek Lantaronen gertatutakoa azpimarratu nahi du, gertakari "oso larria" delako eta "langilea hil egin nahi zutelako". Horrelakorik berriro ez gertatzeko deia egin du.
Horren harira, justizian konfidantza osoa duela adierazi du Ousmanek, "erasotzaileen kontrako sententzia" ateratzea espero duela esan du. Era berean, jarrera xenofoboak izan dituzten langileak kaleratzeko orduan enpresak izandako jarrera goraipatu nahi izan du.