Gizartea -
Maula izan daiteke
Osakidetzaren izenean botikak saltzen saiatzen ari direla salatu dute
Hainbat pertsonari telefonoz deitu diete Osakidetzako langileak direla esanez. Osasun inkesta bat egiten diete, eta, gero, botikak saltzen saiatzen dira.
Agentziak | Erredakzioa
Osakidetzaren izenean egiten ari diren iruzur saiakera batez ohartarazi du gaur Euskal Osasun Zerbitzuak. Iruzurgileak telefono deiak egiten ari dira Osakidetzaren langileak direla esanez: aurrena, osasun inkesta bat egiten diete herritarrei, eta botikak saltzen saiatzen dira gero.
Ohar batean adierazi duenez, Osakidetza ez da inongo inkesta egiten ari, eta deiok iruzur egitea dute helburu.
Euskal Osasun Zerbitzuaren hitzetan, iruzurgileek Osakidetzaren langileak direla esaten dute. Herritarrei euren osasunari buruzko inkesta bat egin behar dietela esaten diete. Gerora, botikak eskaintzen dizkiete, eta saltzeko etxebizitzara joan behar direla argudiatzen dute.
Osakidetzak dioenez, ezin du saihestu inor haren izenean deiak egiten ibiltzea, baina maula izan daitekeela ohartarazi du. Izan ere, Euskal Osasun Zerbitzua ez da inkestarik egiten ari, eta hala izango balitz ere, ez litzateke botikak saltzen saiatuko.