Gizartea -

Ezbeharra

Auto baten maniobra desegokiak eragin ei zuen Azkoitiko istripua

Ertzaintzaren ustez, autoetako baten maniobraren ondorioz, gainerako ibilgailuek gelditu behar izan zuten, eta kamioiak guraizearena egin zuen.

Argazkia: maxixatzen.eus
Argazkia: maxixatzen.eus
Azkoitiako istripua nola gertatu zen ikertzen ari da Ertzaintza

1:30

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak uste du autoetako batek egindako maniobra desegoki batek eragin zuela atzo arratsaldean Azkoitian (Gipuzkoa) izandako zirkulazio istripua. Hiru pertsona hil ziren bertan, eta bost zauritu.

EiTBk jakin duenez, auto horren mugimenduaren ondorioz, gainerako ibilgailuek gelditu behar izan zuten, eta kamioiaren gidariak kontrola galdu eta guraizearena egin zuen.

Istripua kolpe latza izan da Eibarren, hildako hiru lagunak bertan bizi zirelako. Zendutako bat Eibarko 41 urteko gizonezkoa da, oso ezaguna, nonbait. Beste biak Gipuzkoako herri horretan bizi ziren, baina errumaniarrak ziren jaiotzez. Istripuan bost pertsona zauritu ziren, horietako bat larri.

Ezbeharra 17:45ean gertatu zen, GI-2634 errepidean, Azkarate mendatean, eta kamioi bat eta lau auto nahasi ziren bertan: Scania kamioi bat eta lau auto. Lehen datuen arabera, kamioiak artaziarena egin zuen eta bete-betean harrapatu zituen autoak.

Hildakoetako bi Citroën Xsara Picasso batean zihoazen. Ibilgailu horretan, 20 urteko mutil bat ere bazihoan, eta Donostia Ospitalera eraman zuten, larri. Hirugarren biktima Peugeot 307 batean zihoan.

Arin zauritutakoei dagokienez, horietako bi 70 eta 68 urteko senar-emazteak dira (Mercedes-Benz 300 batean zihoazen). Istripuan nahasitako azken autoan, Kia Ceed batean, 58 urteko gizon bat eta 22 urteko neska bat zihoazen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Euskadin Trafikoa Gipuzkoako albisteak Bizkaizko trafiko telefonoa Trafikoko web-kamerak Donostian Azkoitia bideoak Gaurko azken orduko albistea