Gizartea -

bizkaia

Datozen egunotan jakingo da Sestaoko sutea zerk eragin zuen

40 lagunek Las Llanasko frontoian igaro dute gaua. Gaur, lekua bilatuko diete eskualdeko etxeetan.

Argazkia: @rubentxo
Argazkia: @rubentxo
Bizilagun ugari hustu behar izan dituzte Sestaon sute larri batengatik

1:10

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sestaoko Udalak (Bizkaia) "zuhurtasuna eskatu du suhiltzaileen txostena jaso arte", atzo Bizkaiko herri horretako kale nagusian piztutako sute ikusgarria zer dela eta piztu zen argitu arte.

Sutea handia izan zen, Segurtasun Sailaren arabera, eta bizilagunik ez zen zauritu, baina bi suhiltzailek erredurak egin zituzten eskuetan, sua itzaltzen ari zirela. Halere, ez omen dute zauri larririk.

Bestalde, Udalak, Gurutze Gorriak eta DYAk prestaketa lanak egin zituzten etxetik atera ziren bizilagunek Las Llanas Udal Frontoian gaua igaro zezaten.

Udalaren arabera, "behin-behineko eta premiazko neurria" izan da, gaur, astelehena, Gizarte Zerbitzuetako langileek bakoitzaren kasua aztertu arte. Gainerakoek senideen eta lagunen etxeetan igaro dute gaua.

Herriko hotelean sartzen saiatu dira hasiera batean, baina bertan lekurik ez zutela baieztatu eta gero, Udalak frontoian sartzea erabaki du, larrialdi kasuetarako protokoloari jarraituz.

Udalaren instalazio horretan, berogailua, dutxak eta kafetegia daude; beraz, horrelako gertaerei aurre egiteko gutxieneko baldintzak baditu. Larrialdietarako zerbitzuak koordinatu dira, eta eskura zuten laguntza bideratzea erabaki dute ondoren.

Kaltedunek laguntza psikologikoa jaso dute, eta afaria, gosaria, dutxarako arropa, jantziak eta umeentzako jostailuak eman dizkiete. Gaurtik aurrera, Gizarte Ekintzako langileekin hitz egin eta gero, aldi baterako etxebizitza bat bilatuko diete kaltedunei.

Bestalde, eraikinean izandako kalteen lehen balorazioa egin zuten atzo teknikariek. Horien hitzetan, baina, txostenak jaso arte itxaron beharko da, eraikinaren egoera zein den jakiteko.

SESTAOKO SUTEA ITURRIA: @rubentxo Twitter Ruben Saez

SESTAOKO SUTEA ITURRIA: @rubentxo Twitter Ruben Saez

Sutearen irudia. Argazkiak: Ruben Saez @rubentxo

60 lagun etxetik kanpo

Bi ataritako 60 bizilagun atera behar izan zituzten sutearen ondorioz. Jose Antonio Agirre kale nagusiko etxebizitza batean piztu zen sua, 10:00ak inguruan, eta, badaezpada, bi atari hustu zituzten.

Larrialdietarako zerbitzuak bertaratu ziren, suhiltzaileak tartean, eta 13:30erako hartu zuten sutea kontrolpean. Alabaina, 20:00etan suhiltzaile-talde bat oraindik bertan zebilen lanean.

Bizkaiko lau suhiltzaile-parketako (Urioste, Artaza, Derio eta Basauri) langileek jardun zuten itzaltze-lanetan, eta, guztira, 30 suhiltzaile eta 11 ibilgailu bertaratu ziren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Sestao albisteak Suteak argazkiak Albisteak Gaur Eguneko albisteak