Gizartea -
Indarkeria matxista
Durangoko PPko zinegotziaren kontrako salaketa artxibatuta
Durangoko Udalak prentsaurrekoa deitu du arratsalderako, herrian gauzatu den sexu erasoaren kasua argitzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Epaileak Durangoko PPko zinegotzia Francisco Garateren kontra jarritako salaketa artxibatu du. Etxeko langile bati sexu abusuak egitea egotzita atxilotu dute eta ondoren aske utzi dute.
Segurtasun saileko iturrien esanetan, emakumeak salaketa jarri du ertzain-etxean sexu eraso saiakera egotzita. Ondoren ertzainek 50 urteko gizona atxilotu eta epailearen aurrera eraman dute.
Durangoko 4. Instrukzio Epaitegiaren dokumentuaren arabera "aurkeztutako diligentzietatik ez dago bat ere ez delitua egin dela justifikatzen duenik". Horregatik, kasua artxibatzea erabaki du.
Erabaki honen aurka helegitea egiteko hiru egun ditu emakumeak eta apelaziorako bost.
Udalaren erantzuna
Indarkeria matxistaren kasuetarako protokoloa aktibatu ondoren, Berdintasun Kontseiluak eta Berdintasun Batzordeak bando bat bidali du erasoa salatu duen "emakumeari babesa eskaintzeko" eta Udalaren "baliabide guztiak" bere eskura jarri dituzte.
Durangoko Plataforma Feministak, Andra Marin, martxoaren 9rako, 20:00etan, deitu duen kontzentraziora gehitzeko animatu die herritarrei. Horretara eta Plataformak deitu ditzakeen beste ekimenetara ere.
"Kalea, gaua, eguna guztien gozamenerako dira. Emakumeok beldurrik gabe ibiltzeko eskubidea daukagu", irakurri daiteke bandoan.
_____________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.