Gizartea -
Hiesaren inguruko batzarra
Krisiaren ondorioak hiesaren kontrako borrokan eztabaidagai, Vienan
Hiesaren XVIII Nazioarteko Batzarrean azkenaldian lortutako aurrerapen medikuak ere aztertuko dira. 2008an bi milioi lagun hil ziren hiesak jota.
Erredakzioa
Vienan Hiesaren XVIII Nazioarteko Batzarra egingo da gaur. Krisiak hiesaren aurkako borrokan izaten ari den ondorioak aztertzea da helburu nagusia. Dagoeneko, 33 milioi lagunek gaixotasun hau dute eta 25 milioi pertsona hil dira hiesak jota.
Bileran 25.000 partehartzaile inguru izango dira, zientifikoak, ekintzaileak, politikariak eta pertsona ezagunak, Bill Clinton eta Bill Gates adibidez, tartean. Bileraren helburuetako bat hiesa diskriminazio eta heriotzaren sinonimoa izaten jarraitzen duela gogoratzea da.
"Eskubideak hemen eta orain" lemapean, gaixoek beharrezko tratamendua jaso behar dutela eta ez direla kriminalak bezala tratatuak izan behar aldarrikatu dute partehartzaileek.
Onusida, Nazio Batuen hiesaren agentziaren datuen arabera, 25.000 euro beharrezkoak izango lirateke gaixotasun honen kontra borrokatzeko, baina soilik 11.300 milioi daude erabilgarri. Gainera, dirua ematen dutenen herrialde askoren egoera ekonomikoa zein den jakinda, diru gehiago lortzeko itxaropena ez da oso handia.
"Ezin dugu onartu krisiak gure lana etetea. Ama batek ez luke aukeratu beharko hiesaren tratamendua egin edo seme-alabak elikatzearen artean", adierazi du Onusidako presidenteak.
Hiesaren XVIII Nazioarteko Batzarrean azkenaldian lortutako aurrerapen medikuak ere aztertuko dira. Herrialde pobreetan gaixotasun hau hilgarritzat hartzen den bitartean, herri aberatsetan gaixotasun kronikoa da, erretrobirusen kontrako sendagaiei esker, bizi itxaropena handia delako.
Hiesaren inguruko zifrek hotzikarak eragiten dituzte. Soilik 2008 urtean, bi milioi lagun hil ziren hiesak jota eta beste 2,7 milioi lagun infektatu ziren, horien % 97 herrialde txiroetan edo garapen bideko herrialdeetan.