Gizartea -
Errefuxiatuak
Zazpi errefuxiatu kurduei Durangoko etxe batean eman diete ostatu
Aldundiak Bizkaian geratzea eskainiko die zazpiei. Kamioi baten atoian aurkitu zituzten ostegunean.
Agentziak | eitb.eus
Elorrion kamioi baten atoian aurkitu zituzten zazpi errefuxiatu kurdiei Durangoko Udalaren etxebizitza batean eman diete ostatu, eta onik daude, herri horretako udal bozeramaile batek azaldu duenez.
Teresa Laespada Enplegua, Gizarteratzea eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak esan duenez, Aldundiak Bizkaian geratzea eskainiko die.
Hiru helduak (emakume bi eta gizon bat) eta lau adingabeak (urtebete eta 10 urte bitartekoak) Murtziatik zetorren kamioi baten atoian aurkitu zituzten atzo arratsaldean, Eroski enpresak Elorrion duen biltegian merkantzia deskargatzean. Itxura denez, bi familia desberdineko kideak dira: bata, emakume batek eta urte eta erdiko haren alabak osatuko lukete; bestea, aldiz, senar-emazteak diren bi helduek eta euren hiru semeek. Hala eman du aditzera ostiral honetan Pilar Rios Durangoko Udaleko Gizarte gaietarako zinegotziak; izan ere, Bizkaiko herri horretako udal-etxebizitza batean pasa baitute gaua.
Kamioiko gidariak berak aurkitu zituen, 16:30 aldera. Itxura denez, Europako beste lekuren batera heltzea zuten helburu (Erresuma Batua, zantzu guztien arabera) eta hara joan nahi zuten.
Gidariak Ertzaintza ohartarazi zuen telefonoz, eta bertaratu ziren agenteek Durangoko Landakoko Osasun Zentrora eraman zituzten bertan arta zitzaten. Gurutze Gorriari laguntza eskatu behar izan zioten itzultzaile bat eskatzeko, pertsona horiek Iraketik zetozen kurduak baitira.
Laespadak azaldutakoaren arabera, Durangoko Udalaren etxebizitza batean eman dute gaua, eta ondo omen daude. Bi familia direnez, hasiera batean bi etxebizitzatan egotea eskaini zitzaien, baina nahiago izan zuten etxebizitza handi batean elkarrekin jarraitzea.
Bizkaiko diputatuaren esanetan, egoera horretan dauden pertsonek eman behar duten hurrengo urratsa errefuxiatu-egoera eskatzea da, baina "haiei dagokie izapide hori egitea", ez Aldundiari, zehaztu du, eta Barne Ministerioari dagokio hura onartzea. Behin izapidea hasita, eta nola kasu honetan gertatzen den legez adingabeak dituzten euren karguan, Gizarte gaien Ministerioak bederatzi hileko zuzeneko arreta eman ohi du, besteak beste, CEAR eta Gurutze Gorriaren bitartez.
Bederatzi hilabete horietatik aurrera, Bizkaiko Foru Aldundiak bere gain hartuko du haien arreta. "Gerra batetik datozen pertsonentzat, setiatuta edota beharrizan handik egoeratan egon direnentzat 6-9 hilabete ez dira nahiko euren kabuz biziraun dezaten. Babesa behar dute, hizkuntza ikastea", gaineratu du.
Arreta
Zazpi pertsona horiei arreta emateko Bizkaiko Aldundia Durangoko Udalarekin elkarlanean ari da. Hartara, balizko eskari hori egin bitartean, Durangoko Udalak bere burua eskaini du behar duten arreta emateko. Horrenbestez, horren arabera, oraingoz Durangon bertan geratuko dira.
Asiloa ematen ez bazaie, Laespadak ziurtatu du Aldundiak "beraiekin lan egiten" jarraituko duela. "Uste dut asiloa emango dietela, Iraketik datozen kurduak baitira, eta, printzipioz, aukera guztiak dituzte horrela izan dadin", iritzi dio.
Dena dela, Laespadak azaldutakoaren arabera, "alde egin nahi izanez gero, hori egiteko aukera daukate. Gainera, adingabeen tutoreak direla ziurtatuz gero, ez dago inongo esku-hartzerik egiteko aukerarik", gaineratu du.
Diputatuaren aburuz, antzeko egoera gehiago errepikatuko dira, "mugak ixten diren heinean". "Gehiago agertuko dira, saihetsezina da".