Gizartea -
Elkartasun proiektua
Zaporeak proiektuak Kioseko sukaldea itxi, baina Grezian jarraituko du
Igandean azken menua prestatuko dute, eta ondoren Kiosen jarraituko dute bertako bi GKEri laguntzen, besteak beste.
Agentziak | Erredazkioa
Greziako Kios uharteko errefuxiatuei egunero 1.300 jateko prestatu dituen Zaporeak proiektuak bere azken menu solidarioa eskainiko du igandean. Hortik aurrera, sukaldeko materiala eta elikagaiak errefuxiatuak hartzen dituen Greziako beste kanpamentuetatik zehar banatuko ditu.
Horrenbestez, Donostiako Intxaurrondo auzoko Gastronomia Elkarteak gauzatzen duen ekimenaren xede berria "Grezian dauden 70.000 errefuxiatu baino gehiagori jaten ematea izango da", iragarri du gaur Pello Garcia Amianok, Gipuzkoako Aldundian egin duen agerraldian.
Proiektuko arduradunak diren Garcia Amianok eta Oraitz Garciak, Denis Itxaso Aldundiko Kooperazio diputatuarekin batera, Kiosen urtebetez egin duten jarduera solidarioaren laburpena egin dute, eta ematen jarraituko duten gastronomiarekin lotutako elkartasun-laguntzak hartuko duen “norabide berriaren” nondik norakoak ere azaldu dituzte.
Azaldu dutenez, 2016ko martxoan proiektua martxan jarri zutenetik, lekuan bertan prestatutako 500.000 jateko inguru banatu dituzte Kioseko errefuxiatuen artean, hau da, 1.300 menu egun bakoitzeko.
250 boluntario inguruk parte hartu dute ekimenean, eta bakoitzak hiru aste igaro ditu Kiosen.
Nahiz eta gaur egun errefuxiatu gutxiago heltzen diren Kiosera, irabazi asmorik gabeko elkartearen helburua bertan geratzen diren errefuxiatuei eta oraindik heltzen jarraitzen dutenei zein bertan bizi diren baina beharrizanak dituzten herritarrei laguntzen jarraitzea zen.
Alabaina, ezin izan dute adostasunik lortu udatik bertan lanean ari den Norvegiako GKEarekin. Izan ere, elkarte horrek Zaporeak proiektuaren sukaldea catering zerbitzu batekin ordezkatzea erabaki du, Greziako Gobernuak kontrolatzen dituen errefuxiatuen kanpo gehienetan gertatzen ari den legez.
Hori dela eta, igandean "azken euskal menua" prestatuko diete bertako errefuxiatuei (gehienak siriarrak) eta uhartean lan egiten duten boluntarioei, eta, ondoren, Kiosen jarraituko dute bertako bi GKEri (PSK eta CERST) laguntza emanez, besteak beste.
Aipatu elkarteei sukaldeko materiala eta elikagaiak bidaltzeari eutsiko diote, eta haiei utziko diete bertara eramandako materialaren zati handi bat.
Baina Zaporeak egitasmoa ez da igandean amaituko, egun horretatik aurrera bere laguntza "Grezia guztira helarazteko" asmoa baitu, hots, Greziako Gobernuaren kontrolpean dauden 53 kanpo ofizialetara, zeintzuetan 70.000 errefuxiatu dauden erroldatuta. Baina baita eremu ofizial horietatik at dauden milaka desplazatuengana ere.
Hain zuzen ere, dagoeneko egin dituzten lehendabiziko bidalketak Atenasen dagoen Elliniko kanpamentura, orain arte bezala Gipuzkoatik doan garraiatzen duen Irungo Agitrans konpainiaren bidez.