Gizartea -

Zazpi metroko olatuak

Denboraleak kalte txikiak baino ez ditu utzi kostaldean

Txikizio handiena Muskizen egin dute olatuek, Arena hondartzako egurrezko zubia (Muskiz) suntsitu baitute.

Donostiako Paseo Berria garbitzen ari dira gaur. Argazkia: Donostiako Udala
Donostiako Paseo Berria
Denboraleak utzitako kalteak zenbatzeko eta garbiketak egiteko unea

2:08

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ekaitzaren ostean, barealdia. Olatuen indarra apaltzen doa gaur, eta atzoko itsaso zakarrak utzitako kalteak zenbatzeko eta garbiketak egiteko unea da orain. Euskal kostaldea astindu duen denboraleak apenas utzi du ondoriorik, eta kalte gehienak txikiak dira.

Atzean geratu dira itsasaldeko arriskuagatik ezarritako alerta laranjak (zazpi metroko olatuak espero ziren). Horrelakoetan egiten duten legez, Eusko Jaurlaritzak eta kostaldeko udalek prebentzio neurriak hartu zituzten atzo itsas pasealekuak itxita, eta arriskuguneak babestuta. Ahalegin horiei esker, kalteak txikiak izan dira.

Txikizio handiena Muskizen egin zuten olatuek, Arena hondartzako oinezkoentzako pasabidea suntsitu zuten eta. 200 metro luze dituen egurrezko pasabidea da apurtutakoa; Sustapen Ministerioa ari zen hura eraikitzen, hondartza Pobeñako zubiarekin lotzeko.

Getxoko Udalak gaur eman du denboralearen ondorioen berri. Ohar batean azaldu duenez, itsasoak kalte txikiak egin ditu Algortako Portu Zaharreko goiko harresian, 10 metro inguruko tartean. Halaber, hiri-altzarietako banku bat, sei paperontzi eta zenbait estolda kaltetu dituzte olatuek. Atzo, kalteak jazo ziren Usategiko hegaleko labarra ixten duen hesian eta inguruko estoldaren batean.

Bakion apenas dago kalterik. Udaleko iturriek eitb.eus-i jakinarazi diotenez, olatuak pasalekura iritsi ziren, eta moilako puntako lauza batzuk apurtu ziren. Lekeition Arraun Elkartearen leihoren bat apurtu dute olatuek.

Kalteak Gipuzkoako kostaldean

Donostian, Babes Zibileko, Mantentze-lanetako eta Zerbitzuetako teknikariek, suhiltzaileek eta Udaltzaingoak Pasealeku Berria ikuskatu dute gaur goizean, hain izan baitira kalte handienak.

Pasealeku Berriko hiri-altzariak kaltetu dira, batez ere. Olatuek hainbat zakarrontzi eta dozena erdi banku mugitu dituzte. Gainera, olatuen indarrak aparkatuta zeuden 12 autotan kalteak egin zituen. Udalak ibilgailuak handik kentzeko abisua eman zuen, baina 27 auto erretiratu gabe geratu ziren.

Donostiako Udaleko garbiketa eta mantentze-lanetako zerbitzuak Pasealeku Berria garbitzeari ekin diote goizean goizetik. 13:00etan zabaldu dute.

Mikel Gasca erabiltzaileak Donostian grabatutako irudi hauetan ondo ikusten da olatuen indarra:

 

Zarautzen, autobus batean zihoazen lau bidaiari arin zauritu ziren atzo arratsaldean, olatu baten kolpeak ibilgailuaren leihoa apurtu eta gero. Istripua 18:00etan jazo zen, autobusa N-634 errepidetik (kostaldeko bidea) zihoala.

Hondarribian, bestalde, denboraleak kalte txikiak egin ditu kai zaharreko morruan.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bakio albisteak Donostiako azken albisteak Getxo albisteak Bizkaiko albisteak Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza albisteak Denboraleak Zarautz albisteak Hondarribia Muskiz bideoak Gizartea Lekeitio argazkiak Gaurko azken orduko albistea