Gizartea -
Antzuola eta Bergara artean
Deskargako autobideko azken zatiko lanak hasi dituzte
Aurreikuspenak betetzen badira, Bergara eta Antzuola arteko errepidea 2019ko udaberrian zabalduko dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Astearte honetan hasi dituzte GI-632 errepideko (Deskargako autobidea) azken zatiko lanak, hots, Bergara eta Antzuola lotuko dituen errepideari dagozkionak.
Foru aldundiak ohar bidez jakinarazi duenez, Markel Olano ahaldun nagusia eta Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatua, Bergarako eta Antzuolako alkateekin batera, obraren hasieraren lekuko izan dira.
Markel Olanok ziurtatu duenez, "gaur hasten dugun Deskargako obra hau legealdi honetako mugarri garrantzitsuenetakoa da". Lanak amaitutakoan, "gipuzkoar guztiek ahalmen handiko errepide bat izango dute 15 kilometroko tartean", gaineratu du.
Bergara eta Antzuola lotuko dituen zatia bost kilometrokoa izanagatik, Goierri eta Debagoiena eskualdeetarako eta Gipuzkoa osorako "oso garrantzitsua" izango dela azpimarratu du Olanok.
Azken zati hori amaitutakoan, Beasain AP-1 autobidearekin lotuta geldituko da. Lan horiek bi urtez geldirik egon dira, aurreko Foru Gobernuak luiziak eta gainkostuak tarteko lanak geldiaraztea erabaki zuelako.
Aurreikuspenak betetzen badira, Bergara eta Antzuola arteko errepidea 2019ko udaberrian zabalduko dute.