Gizartea -
Heriotza
Pablo Raez hil egin da, leuzemiak jota
Hezur-muina ematearen aldeko kanpaina zabaldu zuen Raezek sare sozialetan. Transplantea jaso osteko arazoengatik hil da 20 urteko gaztea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pablo Raez, Marbellako 20 urteko gaztea, hil da larunbat honetan, leuzemiak jota, horren senideen sare sozialen bitartez jakinarazi dutenez.
Hezur-muinaren donazioen aldeko kanpaina zabaldu zuen Raezek sare sozialen bidez. Izan ere, Facebook erabili ohi zuen sarritan bere osasun egoeraren berri emateko. Joan den urtarrilaren 25ean transplanteak ekarri zizkion arazoak aitortu zituen, baina borrokatzeko prest zegoela adierazi zuen.
Gainera, tratamendu berria jasotzen ari zela iragarri zuen, jasotako hezur-muina bere gorputzak errefusatu ez zezan.
18 urte zituela atzeman zioten leuzemia Raezi, eta hezur-muinaren emarien aldeko kanpaina abian jarri zuen sare sozialak erabilita, 'Milioi bateko erronka' izenburupean.
Transplantea jaso baino lehen, ETB-2ko ¡Ahora! Saioan izan zen, minbiziarekin izandako bizipenak azaltzeko (jatorriz, gaztelaniaz):