Gizartea -
Gertakaria
54 urteko preso bat hil da Langraizeko espetxean
Urte honetan kartzela honetan izan den bigarren heriotza da.
Erredakzioa
Arabako Langraizeko kartzelako preso bat hil da, ustez arrazoi naturalengatik. Izan ere, Espetxeetako Zuzendaritzak adierazi duenez, gorpuak ez zuen indarkeria-zeinurik.
Joan den igandean hil zen 54 urteko presoa eta goizean goiz egiten den zenbaketan aurkitu zuten gorpua.
Goardiako medikua bertaratu zenean presoaren heriotza konfirmatu besterik ezin izan zuen egin eta, hortaz, heriotzaren zergatia ezagutzeko autopsiaren emaitza ezagutu beharko da.
Salhaketak heriotza hau salatu du eta komunikatu batean, Espetxeetako Zuzendaritzak adierazi duen bezala, aurten Langraizeko kartzelan gertatu den bigarren heriotza dela gogoratu du.
Salhaketaren ustez, bihotzekoak emanda hil zen presoa eta ziegako kidea, zigor "oso laburra" bete behar duena, ez zen gertatutakoaz ohartu.
Horrez gain, Salhaketak presoa aurretik Zuerako (Zaragoza) espetxean egon zela esan du eta, ondoren, Martuteneko (Donostia) espetxera eraman zutela zehaztu du, baina lekurik ez zegoelako, azkenean, Langraizerea eraman zuten.
Salhaketak azken 30 urteetan Euskadiko eta Nafarroako espetxeetan 30 pertsona baino gehiago hil direla azpimarratu du. Hildako horien artean dira Euskadin bizi diren, baina Espainiako beste kartzela batzuetan hil direnak. Horregatik, "epaitegiek horrelako heriotzak argitzeko inolako intentziorik ez" dutela salatu dute.