Gizartea -
Gertaera
Hiru gizon atxilotuta Andoainen, beste bati eraso egin diotelakoan
Gizon bati labankadaz eraso egin zioten eta gaua Donostiako Ospitalean igaro du. Ustezko erasotzaileak etxebizitza batean gotortu dira, eta ez da erraza izan horiek atxilotzea.
Agentziak | Erredakzioa
Ertzaintzak hiru gizon atxilotu ditu gaur arratsaldean Andoainen, beste bati labankadaz eraso egin izana leporatuta. Dena dela, ustezko erasotzaileak etxebizitza batean gotortu dira, eta ez da erraza izan horiek atxilotzea.
Etxebizitza horretara joan diren ertzainek irteteko agindu dieten arren, ustezko erasotzaileak barruan gotortu dira. Gauzak horrela, Ertzaintzak interbentzio taldeko agenteen laguntza behar izan du hiru gizonak atxilotzeko.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 22:00ak aldera dei bat jaso zuen, Andoainen gertatutakoaren berri emanez. Ustezko erasotzaileek beste gizon bat labankadaz zauritu zuten, eta ihes egitea lortu zuten. Agenteak lekura hurbildu zirenean, zauritua Donostiako Ospitalera eraman zuten, eta bertan igaro du gaua, zauriekin sabelean.
Gertatutakoa argitzeko, Ertzaintzak ikerketa jarri zuen martxan. Hala, ustezko erasotzaileak ezkutatzeko erabili duten etxebizitza topatu dute, eta bertatik irteteko agindu dietenean, bertan gotortu dira.
Arratsaldean polizia-etxera eraman dituzte, epailearen aurretik noiz igarotzeko zain daude.