Gizartea -
Hilketa
68 urteko gizonezko bat hil du, ustez, bere semeak Caceresen
Poliziak ustezko hiltzailea atxilotu du, homizidio delitua leporatuta, eta hilketa egiteko ustez erabilitako eskopeta ere atxiki du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
68 urteko gizonezko bat hil du, ustez, 38 urteko bere semeak Caceresen, suzko arma batekin. Poliziak ustezko hiltzailea atxilotu du, Espainiako Gobernuak Extremaduran duen ordezkariak jakinarazi duenez.
Goizeko bostak eta laurden aldera jaso dute abisua 112 larrialdi zerbitzuan. Hilketa Peru auzuneko Antonio Floriano Cumbreño kaleko etxebizitza batean gertatu da.
Hilketa izan omen den tokira bertaratutako poliziek emakume bat topatu dute semea lasaitu nahian, eta semeak aita tiroz hil duela esan die.
Etxebizitzako gela batean, 68 urteko gizona hilda topatu dute, saihetsaldean ustez suzko arma batekin egindako zauria zuela.
Poliziak ustezko hiltzailea atxilotu du, homizidio delitua leporatuta, eta hilketa egiteko ustez erabilitako eskopeta ere atxiki du.
Ikerketa zabalik dago, eta sumarioa sekretupean jarri du epaileak.