Gizartea -
2016ko balantzea
17.343 pertsona daude Osakidetzan ebakuntza egiteko zain
Bestalde, Osakidetzako ospitaleetan ia milioi bat pertsona artatu zituzten iaz, Larrialdietako zerbitzuaren bidez.
eitb.eus
Ebakuntza bat egiteko zain daudenen pertsona kopurua 17.343koa da gaur egun, eta, gainera, batez besteko itxaron zerrenda 50 egunetan mantendu da aurreko urtean.
Maria Jesus Mugica Osakidetzako zuzendariak eta Andoni Arzelay Osasun Arretako zuzendariak 2016an euskal Osasun Zerbitzu Publikoak izan zuen jardueraren eta itxaron zerrenden gaineko zehaztasunak eman dituzte gaur, osteguna.
Hala, azaldu dutenez, jarduera kirurgikoa % 4 igo da; operazio baterako batez beste 50 egun itxaron beharra dago, eta itxarote-zerrendan dauden pazienteen kopurua 17.343koa da gaur egun.
Gainera, 2016an, ospitaletik kanpoko kontsulten eskaria areagotu egin da, eta aurreko urtean baino 57.473 kontsulta gehiago egin dira; 4.257.007 kontsulta, guztira.
Eskarian egon den gorakada hori dela eta, kontsultetan izan den itxarote-zerrendak gora egin du, 6.585 paziente, baina behera egin du batez besteko atzerapenak (26,1 egunetik 25,7ra).
Normalean gertatzen den bezala, traumatologia, oftalmologia eta dermatologia dira jarduerarik gehien duten espezialitateak, eta 3 horien artean egiten dute itxarote-zerrendan dauden pazienteen % 45.
Probetarako itxarote-zerrendan beherakada egon da, 469 pazientekoa, hain zuzen.
Ia milioi bat pertsona
Bestalde, Oskidetzako ospitaleetako Larrialdi Zerbitzuek ia milioi bat pertsona artatu dituzte (941.662) 2016an, eta ia hiru erietatik bik patologia arina edo oso arina zuen.
Horrez gain, balantzean jaso duten beste datu baten arabera, ospitaleetako Larrialdi Zerbitzuak 2015ean baino ia 30.000 lagun gehiago artatu zituen. Gorakada, patologia arinekin joan ziren pertsona kopuruari egotzi diote.
Guztira, artatu zituzten 617.812 pertsonak gaixotasun arina edo oso arina zuten eta, gainerako 323.850ek, aldiz, larria edo oso larria. Azken kopuru hori egonkor mantendu da 2015eko datuekin alderatuta.
Mugicak gogoeta egiteko deia egin du, horren moduko zerbitzuei ematen zaien erabilera dela eta, larrialdietako zerbitzuak egoera larrietan eta hil edo biziko egoeretan erabili behar bailirateke, eta gainerako guztiak Lehen Mailako Arretarako zentroetan edo Etengabeko Arreta Guneetan.