Gizartea -
Bilboko Aireportuan
Athleticen 241 elastiko faltsu atzeman dituzte hiru maletatan
Senegaldik etorritako bidaiari batek omen zeramatzan. 14.500 euroko balioa dute.
EiTB.EUS
Guardia Zibilak eta Zerga Administrazioko Estatu Agentziak Bilboko Aireportuan elkarrekin egindako operazio batean, Athleticen 241 elastiko faltsu atzeman zituzten hiru maletatan ezkutatuta.
Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritzak ohar baten bidez jakinarazi duenez, urtarrilaren 20an konfiskatu zituzten faltsifikazioak. Egun hartan, Dakarretik (Senegal) etorritako bidaiari baten ekipajeari susmo txarra hartu zioten agenteek.
Maletak zabaldu zituenean, elastiko sorta topatu zuen Guardia Zibilak, "plastikozko poltsetan sartuta, eta Athletic Club taldearen elastiko ofizialek dituzten moduko ikurrak eta etiketak zituzten".
Iturrion arabera, oso ondo egindako faltsifikazioak ziren, eta "elastiko ofizialen antz handia zuten". Internet bidez saltzen zituztela uste dute, eta 14.500 euroko balioa izango lukete.
Aurretik ere konfiskatu dituzte Bilboko Aireportuan elastiko faltsuak. Azken urtean antzeko bederatzi operazio egin dituzte, eta futboleko 1.019 elastiko faltsu atzeman dituzte guztira.