Gizartea -

Abusuen laugarren biktima

Mendizabalek abusuak egin zizkiola kontatu du, 'egia ezagutu dadin'

Gipuzkoako Elizbarrutiko bikario izandakoak sexu gehiegikeriak egin zizkiola kontatu dio gazte batek ETBri, elkarrizketa esklusibo batean. "Egia ezagutarazteko unea da", azpimarratu du.

Gazteak elkarrizketa eskaini dio ETBri.
Mendizabalek abusuak egin zizkiola aitortu du gazteak. EiTB
'Abusuak jasan nituen; nire testigantza lagungarria izatea espero dut'

2:17

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Kruz Mendizabal 'Kakux' Gipuzkoako Elizbarrutiko bikario ohiak sexu abusuak egin zizkiola jakinarazi du laugarren gazte batek ETBri eskainitako elkarrizketa batean: "Abusuak jasan nituen pertsona horren partetik".

Kontatu duenez, 14 urte zituela, udako kanpaleku batean, jazo ziren abusuak. Auzia preskribatuta dagoenez, epaitegietan salaketarik jarriko ez duela argitu du gizonak. Elizako barne bideak erabiltzea ere baztertu du; "ez dut Elizan asko sinisten", esan du. Alabaina, "egia ezagutarazteko unea" heldu dela uste du. "Oso bakarrik sentitu nintzen", deitoratu du.

Haren hitzetan,  Mendizabal "oso maitatua zen bere inguruan, oso apaiz modernoa zen". Gainerako helduek ez omen zuten gertatukoaren berri izan. Dena dela, ingurukoei ustez pairatutakoa kontatu dienean, "batzuk harritu ez" direla konturatu da. "Horrek esan nahi du agian bazeudela zantzu batzuk. Zergatik ez zituzten atzeman?”, galdetu du. Hori da, hain justu, aitortza egitera bultzatu duen arrazoietako bat. Bere ustez, sexu abusuak atzemateko protokoloa egon beharko litzateke, eta horixe eskatu die erakundeei.

Gaztea terapian dago aspaldi. Duela hilabete batzuk ustezko erasotzailearekin, Mendizabalekin, aurrez aurre egoteko aukera izan zuen: "Pertsona honi aurre egin nion, heldu bezala. Esan nion: Txikia nintzenean hau egin zenuen, eta oso gaizki dago; ez duzu berriro egingo. Gauzak bere lekuan jarri nituen".

Kasu gehiago egon izan ote diren galdetuta, baietz uste du gazteak. "Bere testuinguruan oso erraza zen hori behin eta berriro errepikatzea... Ziur naiz gehiago izan direla", azpimarratu du.

Donostiako Apezpikutzak urtarrilaren 10ean jakinarazi zuen Juan Kruz Mendizabal apaiz gipuzkoarra bi adingaberi sexu abusuak egiteagatik zigortu zuela. Biktimek Elizarengana jo zuten 2001 eta 2005 urteen artean gertatutako gehiegikeriak salatzeko, eta honek barne ikerketa egin ostean errudun jo zuen. Iazko apirilean, Donostiako Elizbarrutiko bikario eta Groseko San Inazio elizako parroko kargua uztera behartu zuen Elizak.

Gerora, bigarren kasu bat ere ezagutu da, eta gazteak salaketa jarri du 1994ko udan Mendizabalek egin omen zizkion sexu abusuak direla eta. ETBk kaleratutako hau, horrenbestez, hirugarrena da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Gipuzkoa EAE albisteak Gizartea bideoak Albisteak Nerabezaroa albisteak Eraso sexualak gaur Eliza Katolikoa eta abusuak Vatikanoko azken ordukoa