Gizartea -
Trafikoa
Langile bat hil da A-1ean, Agurainen, furgoneta batek harrapatuta
Istripua bart jazo da, langilea errepidetik seinale bat kentzen ari zela. Ertzaintzak ikerketa abiatu du.
EITB.EUS
Errepideetako langile bat hil da bart Agurainen (Araba), A-1ean jazo den harrapaketa batean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar batean jakinarazi duenez.
Iturrion arabera, errepidean paratutako seinale batzuk kentzen ari zen langile talde bat, Irunerako noranzkoan zihoan furgoneta batek horietako bat harrapatu duenean.
Ezbeharra 02:24 aldera jazo da, A-1eko 378,5. kilometroan, Agurain parean. Atzo istripua izan zuen kamioi batek bertan, eta hura bidetik kentzeko errei bat itxi behar izan dute bart. Hain justu, ezkerreko erreia ixteko erabilitako seinaleak kentzen ari zirenean gertatu da istripua.
Bertaratutako anbulantziako osasun langileek 40 urteko gizonaren heriotza baieztatu baino ezin izan dute egin.
Furgonetaren gidariak ihes egin du, baina handik gutxira atzeman dute Asparrengo zerbitzugunean. Ertzaintzak ikerketa abiatu du.
24 ordutan EAEko autobideetan gertatu den bigarren harrapaketa izan da. Astelehenean, 60 urteko gizonezko bat zendu zen AP-8an, Deban, kamioi batek harrapatuta.