Gizartea -

Istiluak

4 partidako zigorra Sestaoko atezainari; 2, Kostkasen entrenatzaileari

Atezainak beste jokalari bati egin zion eraso eta entrenatzailea partida bertan behera geratu aurretik kanporatu zuen epaileak. Istilu larriak izan ziren.

Kadete mailako Kostkas - Sestao River partida.
Kadete mailako Kostkas - Sestao River partida.
Kadete mailako Kostkas - Sestao River partida.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko Futbol Federazioak lau partidarako zigortu du Sestao River taldeko atezaina eta birako Donostiako Kostkas Kirol Elkarteko entrenatzaileetako bat. Horrez gain, partida banarako zigorra ezarri die Sestaoko beste jokalari bati eta Kostkas taldeko delegatuari.

Joan den larunbatean jokatu zen bi taldeen arteko norgehiagoka, kadete mailako Euskal Ligan, Donostian. Epaileak etxeko taldearen alde penaltia adierazi ostean, istilu larriak izan ziren eta partida bertan behera utzi behar izan zuen. Minutu bat eta erdi baino ez zen falta norgehiagoka amaitzeko.

Sestaoko atezainari ezarritako zigorra istilu horiekin lotuta dago. Federazioaren arabera, "arerio bati ostikada bat eman zion ezkerreko belaunean, indarkeria handiz".

Penaltiaren harira aulkitik protestaka aritzeagatik kaleratu zuen epaileak Sestaoko beste jokalari bat.

Kostkas taldeari jarritako zigorrak, berriz, ez dute istiluekin zerikusirik. Sestao River partida 0-1 irabazten ari zirela eta amaierarako 7 minutu falta zirenean, Kostkaseko aulkitik protestaka hasi ziren, jokaldi bategatik. Epaileak entrenatzailea eta talde donostiarraren delegatua kanporatu zituen; lehendabizikoa bi partidarako zigortu dute eta bigarrena partida bakarrerako.

Euskadiko Futbol Federazioak erabakita, bi taldeen arteko partida amaitzeko falta den denbora apur hori ateak itxita jokatuko da, otsailaren 26an. Segurtasun publikorako indarrak izango dira bertan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Futbola Donostia argazkiak Sestao argazkiak Albisteak