Gizartea -
Polizia operazioa
Gasteizen eta Iruñean lapurretak egin zituen talde bat desegin dute
23 pertsona atxilotu dituzte. Estatu osoan aritzen zen, kutxazain automatikoetan, banketxeetan eta etxebizitzetan lapurretan egiten.
Agentziak | Erredakzioa
Besteak beste, Gasteizko eta Iruñeko kutxazain automatikoetan, banketxeetan eta etxebizitzetan lapurretak egin zituen taldea desegin dute Esquadra Mossoek eta Espainiako Poliziak.
Kataluniako Poliziaren arabera, Estatu osoan aritzen zen gaizkile taldea da atzemandakoa. Katalunian osten zuten hasieran, baina Gasteizen, Iruñean, Madrilen eta Valentzian ere egin zituzten lapurretak gerora.
Operazioak bi fase izan ditu. Lehenengoan (2016ko apirila eta abuztua artean), 14 pertsona atxilotu zituzten, gehienak txiletarrak. 20 bat etxebizitzatan eta kutxazain automatikoetan lapurretak egin izana egotzi diete. Esquadra Mossoen arabera, kutxazainak leherrarazita osten zuten dirua.
Hainbat banketxeri maula egitea ere leporatu diete. Nortasun agiriak eta kreditu txartelak lapurtzen ei zituzten aurrena; gerora, espainiar nazionalitatea zuten herritarrei ordaintzen zieten, kreditu txartelaren jabe zirelakoan, dirua ateratzeko. Katalunian egin zituzten iruzur gehienak, baina Gasteizko, Iruñeko eta Valentziako banketxeren batean ere aritu ziren.
Bigarren fasean (2016ko ekainetik 2017ko urtarrilera egindakoa), bederatzi lagun atxilotu zituzten. Katalunian ez ezik, Madrilen ere lapurretak egiten hasi zirela atzeman zutenean abiatu zuten bigarren fasea. Aurrekoan bezala, etxeetan eta kutxazainetan ostea egotzi diete.
Atxilo hartutako 23 pertsonetatik 10 bidali ditu espetxera. Batzuek aurrekariak zituzten antzeko delituengatik Frantzian, Alemanian, Belgikan, Herbehereetan, Suedian, Italian eta Erresuma Batuan.
Etxebizitzetan ebatsitako bitxien argazkiak eskegi dituzte Esquadra Mossoek euren webgunean, jabeen esku uzteko asmoarekin.