Gizartea -
Delitua
Datuak saldu zituen Ogasuneko funtzionarioa kargugabetu du Aldundiak
Antza denez, ehunka zergadunen datu pribatuak eskuratu, bildu, saldu eta zabaltzen zituen talde bateko kide zen.
Agentziak | Erredakzioa
Bizkaiko Foru Aldundiak astearte honetan jakinarazi duenez, kargu gabe utzi du ustez ehunka zergadunen datu pribatuak saldu zituen Bizkaiko Ogasuneko funtzionario. Era berean, gertatutako argitzeko zigor espedientea ireki du. Halaber, Iruzurraren Aurkako Bartzelonako Fiskaltzak 61 urteko kartzela-zigorra eskatu du akusatuarentzat, zergadunen datuak eskuratu, bildu, saldu eta zabaltzen zituen talde bateko kide zelakoan.
Auzian beste pertsona gehiago inputatu dituzte, tartean; Bilboko detektibe bat eta Araban lan egiten duen gurdia zibil bat. Fiskaltzak 35 urteko espetxe-zigorra eskatzen du Bilboko detektibearentzat eta guardia zibilarentzat, berriz, 20 urteko zigorra eskatu du.
Zehazki, Ministerio Fiskalak bost eta 595 urte arteko kartzela-zigorrak eskatu ditu hamaika auzipetuentzat. Antza denez, 2006tik 2012ra ehunka pertsona fisiko eta juridikoren datu pribatuak lapurtu eta saldu zituzten. Ogasuneko zenbait langile eta hainbat guardia zibil izango lirateke delitu horien erantzuleak.
Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak azaldu duenez, 2012an Bizkaiko Ogasuneko funtzionarioa ikertu zuten, baina ez zuten inolako delitu zantzurik aurkitu. Arrazoi horregatik, epaileak auzia artxibatu zuen.
Dena dela, ikerketak aurrera egin eta epaileak ahozko epaiketa egitea agindu ostean, Bizkaiko Ogasuneko funtzionarioa kargugabetzeko arrazoi nahikoa dela pentsatu du Bizkaiko Foru Aldundiak. Ildo horretatik, egindakoa “oso larria” dela esan du, eta horrek Aldundiak behin-behinean hartutako neurriak (espedientea irekitzea eta kargugabetzea) justifikatzen dituela gaineratu du. Erabaki horiek indarrean egongo dira epaileak erabaki finkoa hartu arte.
Bizkaiko zergadunen datu pribatuei dagokionez, Ogasunarentzat baita Aldundiarentzat ere herritarren segurtasuna eta pribatutasuna defendatzea erabateko “lehentasuna” dela ziurtatu du Bengoetxeak.
Bere esanetan, sistemak zergadunen datuak babesten ditu, baina noizean behin baliteke funtzionario batek zergadunen datu pribatuen erabilera okerra egin izana eta horren berri izatea. Kasu horretan, ikerketa martxan jartzen dute berehala. Dena dela, hori saihesteko kontrol zehatzak ezartzen dituztela azpimarratu du.