Gizartea -

Adingabe transexualak

Chrysallis elkarteak familiei arreta eskaintzeko zerbitzua eskatu du

Agustin Arandia elkarteko ordezkaria Arabako Batzar Nagusietan izan da, elkarteak egiten duen lanari buruzko informazioa helarazteko.

Chrysallis adingabe transexualen elkartea. EFE
Chrysallis adingabe transexualen elkartea. EFE
Chrysallis adingabe transexualen elkartea. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Adingabe transexualen Chrysallis Euskal Herria elkarteak ume horien errealitatea heda dezaten eskatu die agintariei. Horrez gain, familiei arreta eskaintzeko zerbitzua aldarrikatu du, adingabe horien eta haien senitartekoen "zoriontasuna baitago jokoan".

Agustin Arandia elkarteko ordezkariak Arabako Batzar Nagusietan agerraldia egin du, zer-nolako lana egiten duten azaltzeko. Euskal Herrian 39 familia biltzen ditu elkarteak eta bizi duten errealitatea ezagutarazteko kanpaina abiatu du orain dela gutxi.

"Badira zakila duten neskak eta bulba duten mutilak" lemapean, kanpaina Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan ipini zuten martxan, autobus eta metro geltokietan kartelak jarrita.

Ekimen horiek zentsuratzeko hainbat saiakera izan dira. Gasteizen eta Iruñean, adibidez, kartelei eraso egin diete, haur transexual baten aitak salatu duenaren arabera.

Chrysalliseko ordezkariak onartu du lan handia egin dutela kanpaina aurrera ateratzeko. Era berean, pozik agertu da gaur egun "inoiz baino gehiago eta ezagupen handiagoz" hitz egiten delako haurren transexualitateari buruz.

Bestalde, familiei eta adingabeei arreta eskaintzeko zerbitzua eskatu du, horretarako prestatuta dagoen jendeak eskainitakoa.

"Oso gogorra da zure alaba ezkutuan negarrez ikustea goizero, logelako argia piztu aurretik askotan. Negar egiten du, nahi gabe ere, egunero guda bati aurre egiteko prestatu behar delako, zer izan behar duen entzunez", azaldu du.

Gogoratu duenaren arabera, 2012ko ekaineko euskal legeak osasun eta hezkuntza protokoloa ezarri zuen pertsona transexualentzat. Hala ere, seme-alabak sufritzen ikusita, egoera "dramatikoak" bizi dituzten familiei arreta eskaintzeko zerbitzurik ez egotea salatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak