Gizartea -
Emakunde-ren datuak
Mila emakume daude Euskadin genitalen mutilazioa pairatzeko arriskuan
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Osakidetzako profesionalei zuzendutako sentsibilizazio eta prestakuntza plan bat jarri du abian.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Osasun Saila eta Emakunde emakumearen euskal erakundea aurreko legegintzalditik elkarlanean ari dira emakumeen genitalen mutilazioa saihesteko Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Izan ere, emakumeen genitalen mutilazioa egiten den herrialdeetako familietakoak diren 0-14 urteko 1.000 neskato inguru daude arriskuan EAEn.
Nazio Batuek hala erabakita, gaur, otsailak 6, Emakumeen Genitalen Mutilazioaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatuko da. Mutilazioa emakumeen giza eskubideen aurkako jarduera gisa onartuta dago nazioartean.
Jaurlaritzak azpimarratu duenez, mutilazioarena EAEko arazoa ere bada; izan ere, emakumeen genitalen mutilazioa egiten den herrialdeetatik etorritako 11.000 pertsona inguru bizi dira EAEn, eta herri horietako familietakoak diren 1.000 neska inguru egon litezke genitalen mutilazioa jasateko arriskuan.
Emakume eta Gizonen Berdintasunerako VI planak jasotzen duenez, esku hartu behar da horrelakoak prebenitzeko.
Lehenik eta behin, EAEko egoeraren diagnostiko bat izan zen, eta, ondoren, Osasun Saila, Osakidetza eta Emakunderen elkarlanaren ondorioz, Emakumeen genitalen mutilazioari aurre egiteko jardunen gidaliburua eta esku hartzeko oinarrizko printzipioen liburuxka argitaratu ziren. Liburuxka horietan, mutilazioa egiten den herrialdeetatik datozen emakume eta neskatoak artatzen dituzten profesionalei gomendio batzuk ematen zaizkie.
Gida horri jarraiki, Osasun Sailak Osakidetzako profesionalei zuzendutako sentsibilizazio eta prestakuntza plan bat abiatu du.
Bestalde, Hezkuntza Sailak hiru helburu estrategiko ditu "hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko Gida Plana"ren baitan: genero indarkeria prebenitzea, garaiz antzematea eta erantzuna emateko zenbait mekanismo martxan jartzea, hezkuntza komunitatea modu berezian inplikatuz.