Gizartea -
La paz ospitalea, Madril
Gizon batek haurtxoa hil du ospitaleko leihotik behera salto eginda
Bikotekidearekin eztabaida izan du aurretik eta bera ere hil da. Umetxoa ospitaleratuta zegoen, eta sendagiria eman diote gaur bertan, ezbeharra baino lehen. Medikuek ezin izan dituzte suspertu.
agentziak | erredakzioa
27 urteko gizonezko batek bere urtebeteko haurtxoa hil eta bere buruaz beste egin du Madrilgo La Paz Ospitaleko laugarren solairuko leiho batetik behera salto eginda, bikotekidearekin eztabaida bat izan eta gero.
Ikertzaileek Eferi adierazi diotenez, ezbeharra 08:30 aldera gertatu da, gurasoak ospitalera joan direnean, umetxoari bisita egitera.
Oraindik argitu gabe dauden arrazoiengatik, aitak umetxoa hartu eta leihotik behera bota du bere burua, laugarren solairutik, bikotekidearekin eztabaida beroa izan eta gero. Biak barrualdeko etxarte batera erori dira, bertan hilda.
Madrilgo Erkidegotik adierazi dutenaren arabera, umeak sendagiria jaso berri du Pediatria unitatean, gertaera jazo aurretik.
Ospitaleko zenbait mediku biak suspertzen saiatu dira, baina ezin izan dute ezer egin.
Osasun Departamentuak zehaztu duenez, gertatutakoa epailearen eta Poliziaren esku dago.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.