Gizartea -
Otsailak 3, 4 eta 5
Nazioarteko lehen komiki eta manga jaialdia hartuko du Donostiak
Kursaal Jauregian erakusketa ikusgarriak, gai desberdinetako hitzaldi interesgarriak, elkarrizketarako guneak edota tailerrak izango dira.
Agentziak | Erredakzioa
Otsailaren 3tik 5era Donostiako Nazioarteko Lehen Komiki eta Manga Jaialdia hartuko du Kursaal Jauregiak. Helburu nagusia kultur egitarau zabala eskaintzea da, urte osoan zehar bisitari gehiago erakartzeko eta Donostia “kultur hiriburua” dela nabarmentzeko.
Komikiarekin zuzeneko lotura duten nazioarteko profesionalak bisitatuko dute Donostiako Kursaal Jauregia, besteak beste, Sergio Davila, Jose Luis Garcia Lopez, Mai Egurza, El Torres, Thierry Gioux, Angel Unzueta, Juan Luis Landa, Jaime Calderon, Susana Martin, Alvaro M. Bueno, Gregorio Muro “Harriet”, Fred Duval eta Patxi Pelaez.
Komikiak gustuko dituzten pertsonak erakartzeko asmoz, egitarau zabala prestatu dute: erakusketa ikusgarriak, gai desberdinetako hitzaldi interesgarriak, elkarrizketarako guneak edota tailerrak. Halaber, “Star Wars” zientzia-fikziozko film-sagarekin eta “Euskal Herriko komikigintzarekin” lotutako erakusketak hartuko ditu Kursaal Jauregiak.
Hitzaldiei dagokienez, Peter Milligan (gidoilari ingelesa), Nuria Sayago (jantzitegi irakaslea) edota Elena Godoy (Japoniako telebista kate batean lan egin zuen ekoizlea) izango dira Donostiako Nazioarteko Lehen Komiki eta Manga Jaialdian.
Gainera, lehen edizioan arreta berezia eskainiko diete Euskal Herriko komikilariei. Besteak beste, Ecomo Harriet, Fructuoso, Redondo, Ibarrola edota Berzosa omenduko dituzte.
Bestalde, Hauteville House telesailaren lehenengo denboraldia gazteleraz aurkeztuko dute (Frantzian hamalaugarrena kaleratu dute eta dagoeneko hamabosgarrena prestatzen ari dira).
Antolatzaileen arabera, nazioarteko bisitariak hurbilduko dira Donostiako Nazioarteko Lehen Komiki eta Manga Jaialdira.