Gizartea -
Ipar Euskal Herria
Sute handi batek 10 hektarea kiskali ditu Biriatun
Bart piztu da sutea, Xoldoko gaina mendian. 15 pertsona etxetik atera dituzte, badaezpada.
EITB.EUS
Baso-sutea piztu da bart Biriatun (Ipar Euskal Herria), eta Xoldoko gaina mendiko 10 hektarea kiskali ditu, Frantziako hainbat hedabidek (Sud'Ouest eta FranceBleu, besteak beste) jakinarazi dutenez.
Sutea osteguneko 22:00etan piztu da, Xoldoko gaina mendian (486 metro), eta bizilagunek ohartarazi dituzte larrialdi zerbitzuak. Segurtasun neurri gisa, 15 pertsona etxetik atera behar izan dituzte, eta 02:00ak aldera eman diete itzultzeko baimena.
Hendaiako, Donibane Lohizuneko, Senpereko eta Angeluko suhiltzaileak bertaratu dira. Haize-bolada gogorrak izan dira azken orduetan (80-100 km/h-koak), eta bolada horiek asko zaildu dute suhiltzaileen lana.
Ikerketa abiatu dute, garrak zergatik piztu diren argitze aldera.