Gizartea -
Villabona (Gipuzkoa)
Suteagatik kaltetutako familiak astelehenean itzuliko dira etxera
Sutea Pilotari kaleko etxebizitza batean piztu zen, ostegunean. 18 familia etxetik atera behar izan zituzten eta beste lau pertsona ospitaleratu zituzten, kea arnasteagatik.
Agentziak | Erredakzioa
Ostegun honetan, urtarrilak 19, Villabonako (Gipuzkoa) Pilotari kaleko etxebizitza batean piztu zen sutearen ondorioz etxetik atera behar izan zituzten 18 familiak astelehenean bertan itzuli ahal izango dira haien etxeetara. Antza denez, manta elektriko batek piztu zuen sutea, eraikinaren beheko solairu batean.
Villabonako Udaleko iturriek azaldu dutenez, kaltetutako bizilagunek senideen etxeetan igaro dute gaua, eta ez dituzte inguruko hoteletara eraman behar izan.
Udaleko teknikariak eraikina ikuskatu dute goizean, eta horren egoera aztertu ostean erabaki dute momentuz familiak ezin direla etxera itzuli. Garrek eraikinaren beheko solairua kiskali dute, eta kalte handiak eragin dituzte eskaileretan, leherketa bat egon baitzen. Hala, kaltetutako etxebizitzak garbituko dituzte asteburu honetan, familiak astelehen honetan itzuli daitezen.
Sutearen ondorioz, lau pertsona Tolosako Asuncion ospitalean artatu zituzten, kea arnasteagatik. Sua 13:20 aldera piztu zen, eta 16:00etarako itzali zituzten garrak suhiltzaileek.