Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

Topatu dute Burlatan hildako emakumearen hilotza Arga ibaian

Blanca Esther Marques Burlatako bizilagunaren hilotza Vergel zubiaren parean aurkitu dute, Iruñean.

Suhiltzaileak Arga ibaian, bilaketa-lanetan. Argazkia: Nafarroako Suhiltzaileak
Suhiltzaileak Arga ibaian, bilaketa-lanetan. Argazkia: Nafarroako Suhiltzaileak
Blanca Marquesen gorpua topatu dute Arga ibaian

1:35

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako suhiltzaileek Blanca Esther Marques Burlatako bizilagunaren hilotza topatu dute arratsalde honetan, Arga ibaian, Iruñeko Vergel zubiaren parean, EiTBk jakin ahal izan duenez.

48 urteko emakumea haren bikotekideak (Francisco Javier Nieto Jimenez) hil zuen joan den larunbatean eta biharamunean gorpua ibaira bota zuen, Poliziari aitortu zionez.

Hilotza 16:40 inguruan aurkitu dute erreskate taldeek, Nafarroako Gobernuak zehaztu duenez.

Azken egunotan goitik behera arakatu dituzte Arga eta Ultzama ibaiak, emakumearen bila, baina, euriteen ondorioz, errekak hazita joan dira eta horrek bilaketa-lanak oztopatu ditu. Nafarroako Gobernuaren helikopteroa ere aritu da bilaketan.

Francisco Javier Nieto Jimenez astelehenean bertaratu zen Espainiako Poliziak Iruñean duen komisariara eta hilketa aitortu zuen. Bikotekidea itota hil zuela eta hurrengo egunean gorpua Arreko zubitik Ultzama ibaira bota zuela kontatu zuen.

Asteartean deklaratu zuen emakumeen kontrako indarkeria auzien Iruñeko epaitegian eta epaileak espetxean sartzeko agindua eman zuen, homizidio delitua egotzita.

Bestalde, Nafarroako Gobernua herri-akusazio gisa aurkeztuko da emakume Blanca Esther Marquesen hilketaren auzian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista gaur Albisteak Nafarroa Gizartea bideoak Burlata Eguneko albisteak