Gizartea -
Denboralea
Bergaran ebakuatu dituzten bizilagunek gaua etxetik kanpo igaroko dute
Teknikariek aztertu egin beharko dituzte eraikinak, kalteak norainokoak diren egiaztatzeko eta auzokideak etxera itzuli daitezkeen baieztatzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Azken orduetako euriteek eragindako lurjausi baten ondorioz, Bergaran (Gipuzkoa) ebakuatu behar izan dituzten 21 familiak ezin izango dira beraien etxeetara itzuli gaur. Bergarako Udalak jakinarazi duenez, herriko hoteletako arduradunekin hitz egin dute jada, kaltetutako bizilagunek gaua bertan pasatzeko aukera izan dezaten.
Lekura hurbildu den geologo batek baieztatu duenez, Bolu kaleko auzokideak ezin izango dira etxera itzuli, eta gaua beste toki batean igaro beharko dute. Astearte honetan, urtarrilak 17, euria etetea espero dute adituek, eta konponketa lanekin hastea espero dute.
Lur-jausia 17:00etan jazo da, Bolu kalean, eta orain teknikariek aztertu egin beharko dituzte eraikinak, kalteak norainokoak diren egiaztatzeko eta auzokideak etxera itzuli daitezkeen baieztatzeko. Arrazoi horregatik, suhiltzaileak eta geologo bat lekura hurbildu dira arratsaldean.