Gizartea -
Etxegabetzea Donostian
84 urteko gizonezko bat etxetik ez botatzeko exijitu dute Donostian
Datorren asteazkenean bota nahi dute etxetik. Adineko gizona "mailegu-emaile baten biktima" dela salatu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Hamarnaka lagunek, tartean EAJ, EH Bildu, PSE, Ahal Dugu eta Irabaziko kargu publikoek, elkarretaratzea egin dute Donostian 84 urteko gizonezko bat etxetik bota nahi dutela salatzeko.
Gipuzkoako Kaleratzeak Stop elkarteak deitu du bilkura, Patxi Zubiaurrek Donostiako Amaro auzoan duen etxebizitzaren aurrean. Duela 40 urtetik bizi da bertan.
Rosa Garcia Kaleratzeak Stop elkarteko bozeramaileak eman ditu auziaren inguruko xehetasunak, Zubiaurre alboan zuela.
Abacredit S.L. konpainia mailegatzaileari ondoko proposamena luzatu diote, konponbide gisa: onar dezala 200 euroko alokairu soziala, Zubiaurrek jasotzen duen pentsioaren % 30a, hain zuzen ere.
Duela hiru urte 104.000 euroko hipoteka-mailegua sinatu zuen Zubiaurrek Abacredit konpainiarekin, etxean jada ordainduta zuela bermatuta eta baldintza lukurretan, hala nola, dirua urtebete baino gutxiagoko epean itzultzearen truke.
Mailegua ordaintzeko modurik ez zuenez, etxea enkantean enpresa mailegu-emaileari eman zioten, 125.000 eurogatik, tasazioaren balioa 250.000 euroko zenean.
Donostiako epaitegi batek ebatzi du gizonezkoak asteazken honetan utzi behar duela etxea eta Ertzaintzari kaleratzea gauzatzeko agindua eman dio.
(Patxi Zubiaurre, bere etxeko atarian egindako agerraldian. Argazkia: Kaleratzeak Stop)
"Eskerrik asko, guztioi, bihotzez"
Zubiaurre “mailegu-emailearen biktima” dela salatu du Kaleratzeak Stop elkarteak. Donostiako Udalaren bitartekaritzarekin, bi irtenbide jarri dituzte mahai gainean: batetik, adineko gizonak bere etxean jarraitzea, alokairu soziala ordainduta; eta, hori ezinezkoa balitz, kaltetuari beste etxe bat uztea.
Elkarretaratzea amaituta, Zubiaurrek, hunkituta, esker ona adierazi die bertaratutakoei: “Eskerrik asko, guztioi, bihotzez, une zail honetan emandako babesagatik”.
Kaleratzea Stop elkarteak kritikatu du mailegu-emaileak “inpunitate legalaz” baliatzen direla eta “bankuak eurak baino baldintza hobeetan aberasten” direla, “juridikoki norbanakoak direlako eta ez entitateak”.
Hortaz, “biktimek ezinezkoa dute kontratuetan jartzen dituzten gehiegizko klausulei aurre egitea, ezta finantza eta mailegu jarduerarako araudian babesa bilatzea ere”, erantsi du.