Gizartea -
Intermon Oxfam-en txostena
Hiru espainiar aberatsenek 14,2 milioi pertsonak adina diru dute
2016an Espainiako aberastasunaren % 56,2 biztanleen % 10en esku zegoen. Gainera, espainiarren % 1ek aberastasunaren % 27,4 zuen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Amancio Ortega Inditexen sortzaileak, haren alaba Sandra Ortegak eta Juan Roig Mercadonako presidenteak 14,2 milioi espainiarrek adina ondasun zuten, iaz. Beste modu batera esanda, hiru pertsonak Kataluniako eta Madrilgo Autonomia Erkidegoko biztanleak batuta adina diru dute, Intermon Oxfam erakundeak kaleratutako txostenaren arabera.
2016an, Espainiako aberastasunaren % 56,2 biztanleen % 10en esku zegoen, hots, 4,7 milioi pertsonak 42,6 milioik adina diru zuten. Gainera, espainiarren % 1ek (473.000 pertsona) aberastasunaren % 27,4 zuen.
Azken urtean 7.000 aberats berri sortu dira, 20 aberats berri egunean.
Halaber, aberastasunaren banaketa ez da orekatua izan; izan ere, gehien duten eta gutxien dutenen arteko aldea handitu egin da.
Krisi ekonomikoa hasi zenetik, Europar Batasunean Zipren bakarrik hazi da Espainian baino gehiago batzuen eta besteen errentaren arteko aldea.