Gizartea -

Denboralea

Euriteen ostetik, hotz-bolada

Ibaien emariak behera egingo du datozen orduotan. Euskalmeten arabera, muturreko tenperatura baxuak eta izotza izango dira astearte honetan.

Urumeak gainezka egin du Hernanin. EiTB
Urumeak gainezka egin du Hernanin. EiTB
Tenperaturek nabarmen egingo dute behera datozen egunetan

11:09

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txarrena, euriteei dagokienez behintzat, igaro da jada. Bustitik joan da arratsaldea, baina ez du goizean bezainbeste bota. Hala, ibaien emariak behera egingo du datozen orduotan.

Euskalmeten iragarpenaren arabera, egun amaierara arte metro koadroko 20-30 litro pila daitezke isurialde atlantikoan. Oria, Urumea eta Urolako arroetan, ibaietako mailak balio altuetan egongo dira, baina behera egiten hasi dira arratsaldean.

Euriteen ondotik, hotz-bolada izango da gurean. Hori dela eta, Jaurlaritzak abisu horia ezarri du muturreko tenperatura baxuengatik eta izotzagatik, asteartean eta asteazkenean. Tenperatura minimoak eta maximoak 0 eta 5 ºC ingurukoak izango dira kostaldean; -1 eta 4 ºC-koak, isurialde atlantikoan, barnealdean; -3 eta 1 ºC-koak, iragaite zonan; eta -2 eta 2 ºC-koak, Ebro inguruko lurretan. Asteazkenean are gehiago jaitsiko da termometroa, eta -5 º C ingurukoak izan daitezke baxuenak.

Hainbat ibai atera dira Gipuzkoan

Azken egunotako euriteen ondorioz, uholdeak, putzuak eta luiziak izan dira nonahi. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) eta Nafarroa alerta laranjan daude.

Bergaran, sei ataritako 21 familia ebakuatu behar izan dituzte, euriteek eragindako lur-jausi baten ondorioz.

Lur-jausia 17:00etan jazo da, Bolu kalean, eta orain teknikariek aztertu egin beharko dituzte eraikinak, kalteak norainokoak diren egiaztatzeko eta auzokideak etxera itzuli daitezkeen baieztatzeko.

Ibaiei dagokienez, kezka iturri dira Urumea eta Oria Gipuzkoan, eta Arga, Nafarroan. Lehenak gainezka egin du Hernanin (errugbi zelaiaren parean), eta maila laranjara heldu da Ereñozu (Hernani) eta Añarbeko estazioetan. Donostiako Martutene auzoan ere, alerta ezarri dute, ubidetik atera daitekeelakoan.

Oriak gainezka egin du Andoainen, eta maila horira heldu da Lasarte-Oria, Alegia eta Andoaingo estazioetan. Tolosan, ur ugari pilatu da Usabal industrialdean, Araxes ibaiak gainezka egin baitu.

Araban, Baia ibaiaren arroak maila horia harrapatu du Sarrian, eta Zadorrak maila bera du Ozaetan. Bizkaian ez dago aparteko arazorik.

Euskalmetek jasotako erregistroen arabera, Gipuzkoan batu dute ur gehien. Bidanian (Gipuzkoa), esaterako, metro koadroko 106 litro pilatu dira. Ameraunen 97 litro zenbatu dituzte; Añarben, 90; eta Berastegin, 86 litro metro koadroko.

Arga ibaia, gainezka

Arga ibaia bere ubidetik atera da Iruñeko eta Burlatako hainbat tokitan. Ibaia alerta egoeran dago Arakil, Etxarren, Etxauri eta Irurtzun parean.

Hain justu, Iruñeko Udalak Larrialdiko 1. maila ezarri du Nafarroako hiriburuan, Arga ibaiaren emaria segundoko 350 metro kubikotik gorakoa baita. Hasiera batean Udalak alerta maila hori ezartzeko asmorik ez bazuen ere, azken orduotan egindako euriak Udalaren aurreikuspenak aldarazi ditu.

Ibaia bere bidetik atera da Magdalena inguruan, Aranzadin, Trinitarios parkean eta San Pedro-Vergel eta Curtidores zubien inguruetan.

Alerta maila gorenera igotzeak berekin dakartza hainbat neurri zehatz hartzea; hala nola, kartel informatiboak jartzea, megafonia eta ibai ondoko bizilagunei tinbrea jotzea.

Bestalde, ubidearen inguruan dauden errepide eta oinezkoentzako pasabideak itxi ditu Udaltzaingoak, batez ere Magdalena eta Aranzadi ingurukoak. Halaber, Magdalena inguruko bideak atzotik autoentzat itxita daude, Arga ibaiak gainezka egingo zuela-eta.

Ibilgailuei argiak piztuta joateko gomendatu diete. Oinezkoei, berriz, ibaiaren ertzetik ez ibiltzeko.

Goizean, argindar etena izan dute Iruñeko erdialdean. Ondorioz, herriko argiak eta semaforoak ez dira ibili.

Gainerakoan, ipar-ekialdeko ibaietan dago arazoa. Arakil ibaiak gainezka egin du Uharte Arakilen, eta Baztan ere, ubidetik atera da Elizondon eta Elbeten. Ultzama ibaiak gainezka egin du Atarrabian.

ELIZONDO UHOLDEA baztan ibaia Argazkia: Euskadi Irratia

ELIZONDO UHOLDEA baztan ibaia Argazkia: Euskadi Irratia

Baztan ibaiak gainezka egin du Elizondon. Argazkia: Euskadi Irratia

Ipar Euskal Herrian, berriz, Urdazuri eta Errobi alerta horian daude, eta Aturri ibaia, aldiz, maila berdean, baina ibaiek ez dute gainezka egin.

Luiziak eta putzuak

Errepideetan ere, traba ugari eragin ditu euriak. Hala, Segurtasun Sailak arretaz gidatzeko eta aurreko ibilgailuarekin distantzia handitzeko gomendioa eman du.

Gipuzkoan, N-634 errepidea itxita egon da 05:00etatik aurrera Getaria parean, luizi bat dela eta. 10:00etan zabaldu dute berriro.

Araban,  A-4356 errepidea itxi behar izan dute, Kuartangon, Andagoia parean, ibaiak gainezka egin duelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko bideoak Albisteak Gipuzkoa Gaurko albisteak Nafarroan EAE Denboraleak bideoak Gizartea bideoak Albisteak Uholdeak bideoak Harri-jausiak