Gizartea -

Epaiketa Gasteizen

Entrenatzaileak egindako abusuak kontatu dizkio neska batek epaileari

Gertakariak Gasteizko gimnasia artistikoko klub batean jazo ziren, biktima adingabea zenean. Fiskaltzak hiru urteko kartzela-zigorra eskatu du entrenatzailearentzat.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Neska batek adingabea zenean ustez entrenatzaileak egindako sexu-gehiegikeriak kontatu dizkio gaur epaileari. Kontaktu fisikoa beharrezkoa ez zenean, ipurdia eta bularrak ukitzen zizkiola azaldu du.

Gasteizko zigor-arloko lehen epaitegian egin dute epaiketa gaur goizean. Biktimak bide-konferentzia bidez deklaratu du. Fiskaltzak hiru urteko espetxealdia eskatu du akusatuarentzat, sexu-abusuak egitea egotzita.

Gertakariak 2012-2013 urteetan jazo ziren, Gasteizko gimnasia artistikoko klub batean.

Biktimak kontatu duenez, entrenatzaileak berarenganako "jarrera berezia" erakusten zuen eta inolako laguntzarik behar ez zuen ariketetan gorputzeko atalak "nahita" ukitzen zizkion.

Denborak aurrera egin ahala jarrera hori areagotuz joan zela esan du. Entrenamenduak amaituta, entrenatzaileak etxera laguntzen ziola eta behin, autobusean, eskua praka azpitik sartuta, "ipurdia eta beste atal batzuk" ukitu zizkiola azaldu du.

Akusatuak errugabea dela dio

Bestalde, akusatuak biktimaren testigantza ukatu du, gimnasia artistikoan "kontaktu fisikoa beharrezkoa" dela esanda, hala nola, ariketak gauzatzeko edo erorketak ekiditeko. Ildo horretan, asmo sexualik gabe aritu zela beti azpimarratu du.

Era berean, neskatoari etxera laguntzen ziola ukatu du, entrenamenduak amaitu ondoren gimnasioa ixten geratzen zelako, eta autobuseko gertakaria gezurra dela esan du. Espainiako Txapelketara joanez gero, logela konpartitzeko proposamena edota "ze pena 18 urte ez dituzula!" bezalako komentarioak egin izan ere ukatu du.

Epaiketan biktimaren amak eta neskatoa artatu zuen psikologoak ere deklaratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Araba Epaiketak bideoak Gizartea bideoak Gasteiz berriak Albisteak