Gizartea -

Osasuna

Gripe kasuek gora egin dute Euskadin urtarrileko lehen astean

100.000 biztanleko 341,6 kasu izan dira, eta 0-4 adin tartean izan du eraginik handiena.

Artxiboko argazkia: EiTB
Gripea
Gripea goruntz doa , 100 mila laguneko 342 gaixotu dira dagoeneko

1:31

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gripe kasuek gora egin dute urteko lehen astean Euskal Autonomia Erkidegoan aurrekoarekin alderatuta, eta 100.000 biztanleko 341,6 kasu izan dira, Osakidetzak ohar bidez jakinarazi duenez.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak azaldu duenez, orokorrean, urteko lehenengo asteetan beti gora egiten dute gripe kasuek eta askotan garai honetan izaten dira intzidentzia-tasarik altuenak. Gripeak haurrengan du eraginik handiena, 0-4 adin tarteko haurren artean bereziki.

Gripe baieztatua dela eta ospitaleratutako pertsona kopuruari dagokionez, sasoiaren hasieratik 58 kasu larri ospitaleratu dira, horietatik % 55,6 emakumeak, batez beste 72 urtekoak; eta horietatik 16 zainketa berezien unitatean sartu dira. Ospitaleratutako pertsonen % 81ek arrisku-faktoreak ditu, edo 64 urtetik gorako adin-tartekoak dira.

Jasotako datuen arabera, analisi mikrobiologikoek egiaztatu dute kasurik gehienetan AH3 motako birusa isolatu dela; aurten orain arte dabiltzan birus guztiak dira A motakoak, eta sartuta daude aurtengo txertoan. Hori dela eta, Osasun Sailak eta Osakidetzak gripearen aurkako txertoa hartzearen beharra azpimarratu dute.

Gripe kasuek gora egiten jarraitzen dutela ikusita, Osasun Sailak eta Osakidetzak aurreikusitako Kontingentzia Plana jarri dute martxan, beste 417 ohe egokitu dituzte eta 230 profesional baino gehiago kontratatu dituzte.

Urteko lehenengo astean guztira 4.803 kontsulta egin dituzte lehen mailako arreta zerbitzuetan gripe-sintomak direla eta. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako tasak oso antzekoak dira.

Osasun Sailak atseden hartzea, likido ugari edatea eta sukarra jaisteko antitermikoak hartzea gomendatzen du. Sukarra jaisten ez bada eta gripe prozesuari aurre egiteko osasun-arreta behar bada, osasun zentrora eta Etengabeko Arreta Puntuetara (EAP) jotzea eta medikuen aginduak jarraitzea aholkatzen du. Beste gaixotasunen bat izatean sor daitezkeen konplikazio larriagoen kasuan, ospitaleetako larrialdi zerbitzuetara jotzea gomendatzen du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza berriak EAE albisteak Gaixotasunak albisteak Medikuntza albisteak Txertoak azken ordukoa Gaurko azken ordukoa Gizartea