Gizartea -
Hilketa Portugaleten
Portugaleteko ustezko hiltzaileak Gurutzetako ospitalean jarraitzen du
56 urteko gizonezkoak bere burua labanaz zauritu du sabelaldean, eta atxilotuta dago.
agentziak | erredakzioa
92 urteko ama hiltzea leporatuta atzo Portugaleten (Bizkaia) atxilotu zuten 56 urteko gizonezkoak Gurutzetako ospitalean jarraitzen du, atxilotuta, Ertzaintzako iturriek jakinarazi dutenez.
Ikerketaren arabera, 56 urteko gizonezkoak labankadaz hil zuen ama eta gero bere burua labanaz zauritu zuen sabelaldean. Biktimak 92 urte zituen eta Alzheimerren gaitza zuen.
Hilketa atzo goizean gertatu zen Ruperto Medina kaleko 15. zenbakian dagoen etxebizitza batean. 56 urteko gizonezkoak lagun batzuei deitu zien gertatutakoa kontatzeko eta lagunak etxera bertaratu zirenean ama-semeak odoleztatuta aurkitu zituzten. Horietako batek 112 larrialdi zerbitzua ohartarazi zuen, 11:00ak aldera.
Ertzaintza eta larrialdi zerbitzuetako langileak etxebizitzara bertaratu ziren, baina ezin izan zuten biktima salbatzeko ezer egin, hilda topatu zutelako. Ustezko hiltzailea, berriz, Gurutzetako ospitalera eraman zuten sabelaldean zituen zauriak artatzeko.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.