Gizartea -
Hilketa Portugaleten
Ama hiltzea leporatuta, gizonezko bat atxilotu dute Portugaleten
56 urteko gizonezkoa ospitalera eraman dute, bere burua labankadaz zauritu duelako. Amak 92 urte zituen eta Alzheimerren gaitza zuen.
agentziak | erredakzioa
Adineko emakume bat hil dute gaur goizean Portugaleten (Bizkaia) eta Ertzaintzak haren semea atxilotu du, hiltzailea delakoan. Biktimak 92 urte zituen eta Alzheimerren gaitza zuen.
Gertakariak Ruperto Medina kaleko 15. zenbakian dagoen etxebizitza batean jazo dira. Ama eta semea elkarrekin bizi ziren bertan.
Ikerketaren arabera, ustezko erasotzaileak labankadaz hil du ama eta ondoren bere buruari min egin dio, sastakadaz. Gurutzetako Ospitalera eraman dute, larri.
56 urteko gizonezkoak lagun batzuei deitu die, gertatutakoa kontatzeko. Horietako batek 112 larrialdi zerbitzua ohartarazi du, 11:00ak aldera.
Ertzaintza eta larrialdi zerbitzuetako langileak bertaratu dira, baina ezin izan dute biktima salbatzeko ezer egin, hilda topatu dutelako.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.