Gizartea -
Gertakaria
Donostian semearekin ihes egindako emakumea Errumanian egon liteke
Gipuzkoako Diputazioak azaldu duenez, emakumea topatzen dutenean, 11 hilabeteko umea bere harrera-familiarekin itzuliko da.
Agentziak | Erredakzioa
Gipuzkoako Foru Aldundiak uste du Donostian semearekin ihes egindako emakumea Errumanian egon daitekeela. Hala adierazi du Maite Peña Gizarte Politikako ahaldunak Batzar Nagusietan egindako agerraldian.
Peñak aitortu du ez dutela berririk Gipuzkoako harrera-familia baten ardurapean zegoen 11 hilabeteko haurraren eta haren ama biologikoaren inguruan, joan den ostegunetik.
Ildo horretan, Peñak adierazi du ez dutela daturik, baina dagoeneko Errumania egon daitezkeela uste dutela.
Gauzak horrela, bilaketa-lanetan jarraitzen dutela eta Ertzaintza Europako beste Polizia batzuekin elkarlanean ari dela erantsi du.
Bestalde, Peñak azaldu duenez, ihes egindako emakumea topatzen dutenean, haurra bere harrera-familiarekin itzuliko da Gipuzkoan. "Lotura pertsonala zuten jada eta umea oso ondo zainduta zegoen", gaineratu du.